Bat eta bat


Gorka Azkarate eta
Nerea Elustondo


Gorka Azkarate
Erdi-kasualitatez jakin nuen Zumarraga-Urretxun baserriko produktu ekologikoak zuzenean baserritarraren eskutik jasotzeko taldea osatzekotan zebiltzala; beste herri batzuetan ere martxan dira horrelako taldeak. Legazpin ere taldea osatzekotan dabiltza, baina ekoizlea falta, momentuz behintzat.

Altxaporru taldeak nekazaritza ekologikoa bultzatzen duen ekoizle bat eta hogei bat laguneko kontsumitzaile taldea biltzen ditu, tartean neroni. Garaian-garaiko produktuak jasotzen ditu kontsumitzaile bakoitzak, urte sasoi bakoitzean urte sasoi horretako produktuak. Lurrak unean-unean ematen duena, alegia, gaur borrajak, arbia eta erremolatxa eta bihar indabak, tomatea eta ilarrak. Garaian-garaiko produktuak jaso, eta garaian-garaiko produktuak kontsumitu.

Ekimenak onura zerrenda luzea daukala nabarmena da. Besteak beste, aitzakia paregabea da bestela jateko ohiturarik ez dugun zenbait barazki jateko eta baita, aurrez sekula prestatu ez ditugun barazkiak sukaldatzeko ere.

Borrajak prestatzen aritu nintzen lehengoan, Nerea. Zermoduz zabiltza sukalde kontuetan? Bertsotan egiten duzun hamarrena egiteko gai bazara, plater goxoak prestatuko dituzu, seguru. Ezertarako denborarik ez daukagun gizarte honetan, leku guztietara iritsi behar horrek itomena sortzen digun bizimodu zurrunbilotsu honetan, eskertu egiten dut ordu batzuk sukaldean pasatzea. Borrajak egosi ahala, bakarrizketan aritu nintzela aitortu behar dizut; bakarrizketan, baina bertsotan. Hau ez inori esan, ordea….

Nerea Elustondo
Mitxelin izarrik ez eta mitxelina ugari izaten da ni sartzen naizen sukaldean, baina egia zor, txukun xamar moldatzen naiz lapiko artean! Astia izanez gero, gustuko dut janariekin esperimentatzea. Guraso baserritarren alaba kalekumea naiz ni. Letxugaren batean barea ikuste hutsak nazka ematen zidan umetan. Mendeetan belaunaldiz belaunaldi transmititu den lurrarekiko ezagutza eta lotura ia erabat galdu dituen katebegia naiz, ni ere. Lotsatu egin behar nuke esaten baina urtaroen arabera baratzeko produktuak noiz erein eta noiz biltzen diren zerrendatzeko eskatuko balidate, nahikoa lan izango nuke inoren/inolako laguntzarik gabe zerrenda luze xamar bat hanka sartu gabe osatzen.

Horregatik (eta beste mila arrazoirengatik) iruditzen zait beharrezkoa bezain aberasgarria kontsumitzaileak eta ekoizleak batzen dituzten taldeen sorrera. Gure herrian, Altxaporru bezalako ekimenen faltan, eskerrak azokara etortzen diren baserritarrek garaian garaiko produktuak ekartzen jarraitzen duten; eta eskerrak gure guraso/aitona-amonek azokako ordutegietara moldatu ezin dugunontzako erosketak egiteko konpromisoa hartzen duten!
Bakarbertsotan aritzen omen zara sukaldean. Hori zen beraz, zure sekretua! Banengoen ba… Gustura ikusi eta entzungo zintuzket borrajekin puntuka! Hasi omen zarete Martxoan bertsoa zikloaren hamargarren edizioko egitaraua prestatzen. Orduan entzun beharko ditugu zure bertso ekoizpen jasangarriaren fruituak!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>