Baserri-dorrea berrituta

Ordiziako Zabale, Gipuzkoako baserri-dorre garrantzitsuenetarikoa da. 2008ko abuztuan tximista batek baserria erre ondoren, bertan bizi diren lau familiek, baserria goitik behera berritu dute, berezko arkitekturari eutsiz.

Monumentu historikoa da Ordiziako San Joan auzoko Zabale baserria. Historia handiko eraikina da; arkitektura balio handia dauka. Mudejar erako dorreak egiten du berezi Zabale. Gipuzkoan, era honetako, lau baserri besterik ez daude.

Martin Garcia Garmendia historialariaren arabera, XIX. mendearen erdialdean, Villatuertako Kondeak, Manuel Jose Zabalak (1772-1842) egindakoa da. Agiriek diotenez, hasieran, Zabale baserriak, ez zuen dorrerik. Dorrea, beranduagoako da, 1875 urte ingurukoa dela uste da.

1842ko otsailaren 6an hil zen Manuel Jose Zabala. Federiko de Zabala Ortiz de Velascok eta Ladislao Zabala Etxaidek jaso zituzten ondoren Zabaleko ondasunak. Azken honek, Zabale baserria eta bere lursailak saltzea erabaki zuen. Era horretan, 1924ko maiatzaren 22an, lau zati berdinetan, 120.000 pezetatan, Migel Goiburu Goibururi, Francisco Mujika Otamendiri, Francisco Irastorza Erauskini eta Juan Bautista Urretabizkaia Tolosari saldu zien.

Zabale baserriaren historiako beste data berezi bat 2008ko abuztuaren 7a izan zen. Tximista batek dorrean jo eta kalte handiak eragin zituen. Zabaleko lau familiek, dorrea eta baserria eraberritu dituzte, jatorriko arkitekturari eutsiz. «Konponketa lanak egiteko baldintza asko jarri dizkigute monumentua delako, baina diru laguntzak emateko garaian, hori ez dute kontuan hartu. Foru Aldundiak, aurrekontu guztiaren %12 eskas eman du», dio Ani Otaegik, bertako bizilagunak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>