Inauterietan itsasoko olatuak nagusi Legazpin

Legazpiko inauteriak kaleak kolorez eta jendez beteko ditu, neguari agur esan eta udaberriari ongi etorria emateko festan herri guztiak parte hartu dezan. Asmo horrekin hasi zen, behintzat, Legazpiko Gazte Asanblada inauteri festa antolatzen, orain dela lau urte.

Ohituraz, ostiral gauean egin izan da mozorroen festa Legazpin. «Garai batean asteartean ere irteten zen jendea kalera», gogoratu du Andoni Zabaleta gazte asanbladako kideak, baina azkeneko urteetan ostiralera mugatzen zen jaia: «Larunbatetan Urretxura joaten ginen parranda egitera», esan du Igor Iñurritegik, gazte asanbladatik. Hori dela eta, «herrian bertan, jendeari eskaintzeko zerbait antolatzea erabaki genuen», gaineratu du. Horrela sortu zen, gai bat aukeratu, karroza bat egin eta inauterietako larunbatean herriko kaleetan zehar mozorrotuta ibilbide bat egiteko ideia.

Inauteriak baino hilabete lehenago elkartu, eta gai bat aukeratu ohi dute gazteen artean. «Gaia ezin da edozein izan. Irekia izan behar da, ahalik eta jende gehienarengana iristeko», zehaztu du Iñurritegik. Behin gaia zein den erabakita, karroza egiteko lanari heltzen diote. Zabaletaren arabera, aurten jende dezente ibili da lanean, «egunero dozena bat lagun inguru». Legazpiko industrialdean utzi dieten pabilioi batean egin dute karroza.

Itsasoa da aurtengo jairako hautatu duten gaia. Aurrekoetan sanferminak, olinpiadak eta beldurra landu dituzte. Ontzi eta guzti, irudikatuko dute itsasoa Legazpiko gazteek. Arratsaldean jarriko da martxan, Hegialde auzora bidean, gazte asanbladaren baporeko eskifaia. Gaztetxeko portuan geldialdia egin eta gero, Kale Nagusiko itsasoa zeharkatuko dute, aingura Nafarroa kalean botatzeko. Behingoagatik bada ere, gazteek eramanda, Legazpik itsasoa izango du.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>