Luka Eziolaza: «Lagunek dioten bezala, pixkanaka ari naiz Goierrira gerturatzen»

Beti izan zuen Luka Eziolazak (Idiazabal, 1978) mundua ezagutzeko gogoa. 2002. urtean Eskoziara joan zen ingelera ikastera. Bost hilabete egin zituen. 2004ko urtarrilean berriro Erresuma Batura joan zen. Kontrol Automatiko eta Sistemen Ingenieritzan Ingeniari Doktorea da. 2009tik, Oviedon, Asturiasen bizi da.

Bigarren aldian zertara joan zinen Erresuma Batura?
Sheffieldgo unibertsitatean aukera izan nuen doktoradutza egiteko, eta hiru urterako lana ere banuen gutxienez. Hasieran oso denbora luzea zirudien arren, gogo handiarekin hartu nuen erronka pertsonala.

Zertan hasi zinen lanean?
Sheffielden hiru urte egin ondoren, Rolls-Royce enpresan lana aurkitu nuen, eta Nottinghamera mugitu nintzen. Bertan beste bi urte eman nituen eta doktoradutza bukatzeko aukera izan nuen. Erresuma Batuan urte askoan bizitzeko arriskua ikusi nuen eta bueltatzeko garaia zela iruditu zitzaidan. Ordurako neska lagunarekin bizi nintzen, asturiarra bera. 2009tik Oviedon bizi naiz.

Oviedon zertan zabiltza?
Bertako ikerketa zentro batean lanean. Ez naiz Goierrira bueltatu oraindik. Hala ere, nire lagunek dioten bezala, pixkanaka ari naiz gerturatzen.

Kontrol automatiko eta sistemen ingeniari doktorea zara. Nola laburbilduko zenuke zure lana?
Nire lana datuak informazio erabilgarri bilakatzea da. Adibidez, Rolls-Roycen, abioietako motorren bibrazio, tenperatura, presio eta era guztietako datuak bildu ostean, mantenimendurako informazioa aurkitzen saiatzen ginen. Ea zein diren motorren arazo nagusiak, ea arazo horiek aurreikusi daitezken, ea zein datuk ematen duten informazio hori… Datu analisia edo meatzaritza (inglesezko Data Mining), inteligentzia artifizialaren arlo bat besterik ez da. Teoria eta teknika ugari daude datu baseak diotena ulertzen laguntzeko. Oraingo nire lana, horietako zenbait teknika hobetzen saiatzea eta egoera errealetan aplikatzean datza.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>