Elikadura aitzakia hartuta biltzeko aukera

Data jakinetan egin izan dituzte bazkariak edota afariak Beasaingo gaztetxean: urtemuga ospakizunetan, festa giroko ekitaldietan… Baina, kasu bakartuak izan dira. Urtarriletik, ordea, orain arteko joerarekin puskatuz, afariak zerbitzatzen ari dira zenbait ostiraletan. Ez dituzte nolanahiko menuak prestatzen, gainera. Bertaratzen direnei, otordu barazkijalea edota beganoa egiteko aukera ematen diete.

Beasaingo gaztetxean ibiltzen direnetatik batzuk Bartzelonan, Iruñean eta beste zenbait hiriburutan bizitakoak dira. Leku horietako gaztetxeetan zein etxe okupatuetan mota horretako menuak ematen dituztela eta, Beasainen beste horrenbeste egitea pentsatu zuten. «Goierrin haragijale ugari dago, eta barazkijaleei eta beganoei ez ezik horiei ere aukera eman nahi diegu beste mota bateko elikagaiak dastatzeko. Era berean, sukaldaritzaz ikastea ere bada helburua». Bestalde, gaztetxean askotan jai giroko ekitaldiak antolatzen dituztela eta, bestelako ezaugarriak dituzten jarduerekin ere proba egin nahi zuten. «Lasaiagoak diren ekintzak ere egin nahi ditugu, beste mota bateko jendea gerturatu dadin», diote gaztetxekoek.

Afariak hilabeteko bigarren eta laugarren ostiraletan ematen dituzte. Momentuz, eutsi egingo diote maiztasun horri, elikagaiak lortzeko, jakiak prestatzeko… denbora behar baitute.

Sei edo zazpi sukaldari aritzen dira lanean, beraien artean txandatuz. Jakiak prestatzeaz gain, zerbitzatzeko lanak ere euren gain hartzen dituzte. Ilusioz beteta aritzen dira lanean, gustuko baitute sukaldaritza.

Jatordu bakoitzean lehendabiziko platera, bigarrena eta postrea prestatzen dituzte. Bakoitzak euro eta erdiko prezioa du, eta norberak aukeratu ohi du zer jan: hiru, bi edo plater bat. «Diru gutxirekin gauzak egitea posible dela erakutsi nahi dugu». Afari batetik hurrengo otordura, menua aldatu egiten dute. «Elikagai desberdinak sartzen eta modu desberdinean prestatzen egin nahi dugu ahalegina».

Afariak eman ahal izateko gaztetxea bera ere egokitu egin dute. Beheko soilairuko aretoetako batean dago sukaldea. Aurten lanak egin dituzte, eta sukalde industriala jarri dute. Beste gela batean dago jangela. Egurrezko mahaiak erosi dituzte. Pareta margotu dute, eta oihalak ere ipini dituzte aretoa janzteko. «Jangelan mahai batean uzten ditugu tresnak bakoitzak bere mahaia jartzeko, eta bakoitzak bere plater eta tresnak garbitu behar izaten ditu».

Beheko sua ere badago bertan. «Elkarte baten itxura hartu du jangelak. Suaren epeletan goxo-goxo egoteko aukera dago, eta jendea etor dadin animatu nahi dugu».

Momentuz harrera «oso ona» izan du ekimenak. Bertan afaltzen izandakoek errepikatzeko asmoa agertu dute, eta gustura daude antolatzaileak. «Horri eustearekin konformatzen gara» gehitu du, Beasaingo gaztetxeko sukaldarietako batek.

Afari begetarianoak
Maiztasuna. Hilabeteko bigarren eta laugarren ostiralak. Gaur, hilak 24, bertan afaltzeko aukera izango da.
Lekua. Beasaingo gaztetxeko beheko solairua.
Ordutegia. Gaueko bederatzietatik aurrera.
Prezioa. Hiru plater izango dira eta bakoitzak euro eta erdiko prezioa izango du.
Ekintza osagarriak. Afalondorenerako ekintza osagarriak antolatzen saiatzen dira gaztetxean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>