Joseba Apaolaza: «Zorionez, oraindik ezin da antzerkia Internetetik deskargatu»

Joseba Apaolaza aktoreak (Urretxu, 1960) Ipar haizearen kontra lana aurkeztuko du martxoaren 2an Beasainen. Urretxuarrak makina bat urte daramatza lanean, eta euskal eszenako aurpegi ezagunenetako bat da. Hainbat lan arrakastatsutan parte hartu du antzerkian (Divinas palabras; Carmen, Carmen; Shakespeare osoa… gutxi gorabehera…), zineman (27 horas; Días contados; Silencio roto; Kutsidazu bidea Ixabel; Arriya…) eta telebistan (Jaun eta jabe, Aquí no hay quien viva, Pilotari…).

Nola laburbilduko zenuke Beasaingo Usurbe antzokian antzeztu behar duzuen Ipar haizearen kontra lana?
Alfaguarak argitaratutako eleberri baten antzerkirako egokitzapena da, eta idazlea bera da moldaketaren arduraduna. Harreman birtual bati buruzko istorioa da. Bikote batek, hankasartze baten ondorioz eta e-mailen bidez, elkar ezagutzen du eta e- mail horien bidez maitemindu egiten dira.

Zer nolako harrera izan du antzezlanak?
Ezin hobea. 2011ko antzezlan onenari Ercilla saria eman digute lanagatik. Kritikak ezin hobeak izan dira, bi bertsioak goraipatu dituzte (euskarazkoa eta gaztelaniazkoa batera estreinatu genituen) eta jendearen harrera oso ona izan da. Urteen poderioz, jendeari antzezlan bat zenbateraino gustatu zaion edo ez bereizten ezin hobeto ikasi dugu.

Zergatik gomendatuko zenieke goierritarrei antzezlana ikustera joateko?
Alde batetik erabat klasikoak eta unibertsalak diren gaiak lantzen ditugulako: maitasuna, konpromisoa, fideltasuna, traizioa, pasioa, abentura nahia, eta abar luze bat. Hau dena, gizarte moderno honek eskaintzen dizkigun baliabide teknologikoetan oinarrituta. Posta elektroniko bidez ezagutzen dute elkar pertsonaiek, eta aurrez aurre ezagutu gabe maitemintzen dira.

Lan taldea zer moduzkoa da.
Fernando Bernuesek egindako lana bikaina izan da, bai gurekin egin duena, interpretazio zuzendaritza, eta baita hain goraipatua izan den taularatze lana ere. Fernandok eta Tanttakak izen ona, labela, lortu dute. Eraikitze prozesua ere gozoa izan zen, guztiz ohikoak izaten diren krisirik gabekoa. Arrakasta honen ezinbesteko osagarri izan dira, besteak beste, Xabi Lozanoren argiztatze lana, Joserra Senperenaren musika eta Arantxa Iturberen euskarazko itzulpena. Eta nola ez, Itziar Atienzak egiten duen lan bikaina.

Zein lan gehiagotan ari zara parte hartzen?
Antzezlan honetan eta Aitarekin bidaian antzezlaneko azken saioak egiten ari naiz orain.

Beasainen askotan lan egin al duzu?
Bai, askotan izan naiz eta beti gustura aritu naiz. Herri bakoitzak eta antzoki bakoitzak sentipen propioak sorrarazten dizkigu, feeling berezia, eta Beasaingoak onak dira.

Zer harreman izan duzu Beasainekin antzerkiaz gain?
Batxilergo zaharra kendu zutenean, zintzilik geratu ginen Urretxu eta inguruko errepikatzaile baldarrenak Beasaingo institutuan pilatu gintuzten COU egiteko. Hura izan zen uda aurretik dena aprobatu nuen lehen aldia. Ni adina poztu zen aita!

Aktoreei nola eragiten dizue krisiaren ondorioz ematen ari den lan egoerak?
Oso gaizki dago dena. Lana asko jaitsi da, eta aktore eta konpainia askok arazoak dituzte egindako lanengatik kobratzeko. Etxeko txiste bat egiten uzten badidazu, Avatar-en arrakastaren ondoren Abaratar garaile. Zorionez, oraindik ezin da antzerkia Internetetik deskargatu.

Dagoeneko pertsona ezaguna zara, erraz moldatu al zara publikotasun horretara?
Nire lanbidean ezaguna izatea beti mesederako da. Kalean ezagutzen nauen jendeak oso adeitsuki jokatzen du nirekin, eta jakina da gizakia ezin hobeto ohitzen dela gainontzekoen eskuzabaltasunera; ni ere saiatzen naiz nire jator ospeari eusten.

Zein da taula gainean bizi izan duzun unerik hunkigarriena?
Kolonia iragarki batek zioen moduan, lehenengo inpresioa da nagusitzen dena. Horregatik gogoratzen dut beharbada horren ondo, eta hainbestetan, antzeztoki batera atera nintzen lehen aldia. Xalbador bertsolariari Zumarragako Itzalon aretoan egin genion omenaldian izan zen. Zazpi urte nituen, eta biziki gogoratzen dut oraindik hainbeste begiraden aurrera ateratzeak sortu zidan sentsazioa. Han askatutako adrenalinari gustua hartu diot nonbait.

Eta unerik gogorrena?
Momentu latz bat gogoratzearren, duela bost urte Iruñeko Gayarre antzokian bizitakoa. Arrotza zitzaidan sofa batean egindako siestatik minez altxatu nintzen, eta antzezlana oso larri bukatu nuen. Gaua Nafarroako Ospitaleko larrialdietan eman nuen. Lepo-hezurreko hernia bikoitza nuen. Jira utzi behar izan nuen eta 40 egunen bueltan itzuli nintzen lanera.

Orain arte egindakoaz gain, ba al da antzerkiarekin lotura duen eta gustura probatuko zenukeen zerbait?
Madrilen martxan jarri duten mikroteatro izeneko antzerki mota, adibidez. Gela txikitan egiten diren antzerki pieza txikiak dira, eta gertutasunak hiperrealismo kutsu berezia eskaintzen du. Formula berritzailea da.

Zein zinema zuzendarirekin lan egingo zenuke gustura?
Bi zinema zuzendari aipatzearren, Itziar Bollain eta Enrique Urbizu.

Pentsatu al duzu inoiz, zein izango litzatekeen zure ametsetako egitasmoa?
Beharbada, musikal bat egitea. Born in Urretxu izeneko musikala, Iparragirren bizitza kontatuz, adibidez, kar-kar-kar.

Taula gainetik kanpo, zer da gozarazten zaituena?
Asko gozatzen dut bizitza lanetik kanpo. Baratza, perretxikoak, mendiko bizikleta… Artea antzezlanetik sobratu ziren mihise puska guztiak jaso nituen, eta gustua hartu nion margotzeari. Artea antzezteak artera gerturatu ninduen. Hori gutxi balitz, master bat egiten ari naiz: aktorea eta aitatasuna. Baina badirudi bizitza osorako izango dela, kar-kar-kar.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>