Tolerantzia praktikatzen 'in situ'

Rufino Iraola Garmendia
Idazlea

Aurreko igande batean, konkretuki otsailaren 12an, kristau ebanjeliokoen eliz funtzioan izan nintzen. Maria izeneko emakume jator batekin dugun adiskidantza dela medio hartu nuen parte. Tolerantzia ez omen da inori, bere bidean segi dezan, bakean uztea bakarrik, besteen kultura eta munduaren ikusmoldeaz arduratzea ere eskatzen omen du benetako tolerantziak. Jakin-mina ere neurea dut nik, eta gustatzen zait beste kultura bateko pertsonekin tratu apur bat izatea.

Beasaingo Iurre auzoan daukate eliza, Hotel Castillotik gertu, eliza delako inongo seinalerik gabe, ez dorre eta kanpai, baina lokal ederra, txukun apaindua eta zaindua. Badituzte musika-taldea eta abesbatza ere. Pentsatzen nuen moduan, ez dago irudirik elizan, ezta Jesukristoren gurutzerik ere, zeharo ikonoklastak dira. «Gurutzea bizkarrean eta bihotzean eraman behar da», esan zidan nire gida inprobisatuak, Mariaren semeak, galdetu egin bainion gurutzerik ez al zuten.

Berrehun eta hirurogei lagunetik gora elkartu ziren, gehienak gazteak, horien artean matrimonio asko beren haurrekin. Errumaniarrak eta ukraniarrak dira. Elizkizuna errumanieraz izan zen. Esan zidatenez, ukraniarrek ere badakite errumanieraz, mugakoak-edo omen dira gehienak.

Funtsean, lau gauza egiten dituzte: kantatu, predikatu, errezatu eta dituzten arazoen berri eman asanbladari. Horrez gain, hilean behin, “Jaunaren Mahaia”, oin-garbiketa zeremonia eta diru-eske berezia egiten dute. “Jaunaren Mahaia” deiturikoak Jesusen Azken Afaria sinbolizatzen du, eta ogi-ardoak banatzen dituzte bataiatu guztien artean. Esan dezakegu katolikoak jaunartzearen inguruan egiten duten liturgiaren antzekoa dela. Hain zuzen, igande horretan tokatu ziren ekintza bereziok.

Oso elizkizun partizipatiboa egiten dute, era batera eta bestera jende askok hartu zuen parte. Otoitz bakoitzaren aurretik esplikazio luzea ematen dute, eta otoitzak berak ere ez ziren batere laburrak.

Bestalde, egun horrek bazuen berezitasuna. Belgikan lan egiten duen artzainaren bisita izan zuten. Horrek elizkizuna luzatu egin zuen, bi ordu eta erdi iraun zuen zeremonia osoak. Normalean, bi ordu inguru ematen dituzte igande goizean, eta uste dut arratsaldez berriro elkartzen direla.

Pentsatzekoa den eran, umeak ez dira txintxo-txintxo egoten, baizik eta beren koadernotxoetan marrazkiak egiten aritu ziren. Errezoan, gehienak suharki, nahiz eta aho zabalkaren bat edo beste ikusi genuen.

Esan dut hileroko diru-eskea zutela gelditu nintzen: 2.185 euro bildu zituzten, amaieran esan zutenez. Bada zerbait! Diru hori, gero, premian direnen artean banatzen dute, ez bakarrik hemengo koloniakoen artean, baita beren herrian beharrenean daudenen artean ere. Ulertu nuenez, beren herritarren eta hurbilenekoen artean banatzen dute.

Iruditu zitzaidan elizkizuna baino zerbait gehiago zela; ekintza sozial inportante bat esango nuke, kanpo herrian harremanak ez hausteko. Apustu egingo nuke elizak enplegu-bulego moduan ere funtzionatzen duela. Eta informazio-zentro moduan ere bai, elkarren berri jakiteko.

Nire interpreteak esaten zidanari kasu egiten badiot, nik, ikuspegi erlijiosoari berari buruz, bi ondorio atera nituen. Batetik, Bibliaren ikuspegi nahiko literalista daukate, teorian behintzat, nahiz eta gero eguneroko bizitzan, nik ezagutzen ditudanak behintzat, askoz pragmatikoagoak diren.

Bestetik, erlijioak asko elkartzen ditu, “anaia” deitzen dio batak besteari. Ikuspegi solidarioa sumatu nuen. Zentzu horretan, elementu zentrala ez da pertsona bakarka, baizik eta taldea da inportantea. Egoa guk baino transzendituago daukate. Baina poliki! Agian, tribalismo-arriskua badute. Beraien arteko dualtasuna gainditu dute, baina, beharbada, ez beste taldeekiko. Baliteke egozentrismotik etnozentrismora igaro izana. Dena den, iritzi soila da, intuizioa.

Europarrak izan arren, Europako “aurreratukok” bezain kutsatuak ote daude lehiakortasun, diru-gose, indibidualismo eta abarrean? Ez dakit. Gurea dakigu guk: hamaika titiko txerramaren errapean hamabi txerrikume baino lehia handiagoan bizi gara.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>