Uhinak gazteen bozgorailu bihurtuta

Goierrin bi irrati libre daude: Idiazabalgo Zirika irratia eta Urretxuko eta Zumarragako KKinzona.

Zirika irratia 1989an sortu zuten Idiazabalen. Herri Eskolak irrati bat jartzeko asmoa zuen, eta udaleko kultura batzordeak begi onez ikusi zuen ideia. Herrira zabaldu zuten asmoa, eta Zirikak bere bidea hasi zuen. Eskolako umeak saio bat egiten hasi ziren, eta larunbatetan herritar talde batek ekin zion irratigintzari. Eskolak proiektua utzi ondoren ere, larunbatetako saioak jarraitu zuen. Lau urteko etenaldi baten ondoren, 2009an gazte talde batek berriro heldu zion proiektuari.

KKinzona irratiak, otsailean hiru urte bete ditu FMz emititzen hasi zenetik. Lehenago, bi urtez, internetez emititu zuen, taberna baten sototik. Gerora, udalaren laguntzaz, egoitza propioa eskuratu zuen Urretxuko Barrenkalen, eta frekuentzia modulatura jauzi egiteko baliatu zuten aldaketa.

Zirikak saio bakarra eskaintzen du egun, zapatu goizetan. KKinzonak, bertan egindako sei saio eskaintzen ditu eta Arrosa sareko saioekin osatzen du programazioa. Sare hau, Euskal Herriko 20 irratik osatzen dute, oraingoz. Irrati txikien baliabide urritasunari elkarlanarekin erantzuten dio; saioak eta baliabideak trukatzen dituzte.

Ez dira bi hauek Goierrik izan dituen irrati libre bakarrak. Zegaman MKL (Mekaguenla) irratia ere egon zen orain dela hamarkada bat. Lau lagunek sortu zuten, eta herriko gazteen edota eskolako haurren kolaborazioak izaten zituen. Zuzeneko saio bat egiten zuten, egunero errepikatzen zutena.

Zirika eta KKinzona zer diren jakiteko, hala ere, irratiak entzutea da onena: lehena 98.9 frekuentzian, eta bigarrena 98.0an.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>