Erleak lanean

Erlezain Eguna ospatuko dute igandean Zegaman, eta erlearen inguruko hainbat jakintza ikasteko aukera egongo da; bertara joan ezin duenak Urretxuko Aikur museoan ere badu erleen munduak ezkutuan dituenak ezagutzeko aukera.

Erleek loreak behar dituzte eztia sortzeko eta, beraz, neguan egonean egoten dira. Gordeta duten eztia jaten dute, eta apenas irteten dira. «Neguan, eguraldi ona egiten duenean bakarrik irteten dira, baina lorerik ez dagoenez, ezin dute lanik egin». Hala jakinarazi du Urretxuko Aikur museoko Josune Epeldek.

Aikurren, erlearen inguruko sekretu guztiak ezagutzeko aukera eskaintzen dute, erleen ziztada mingarriak burutik kendu, eta erlea zein animalia langilea den ikasita amaitzen dute bisita Aikurrera joaten direnek. Epelderen arabera, «erleen antolaketak bisitariak txunditzen ditu». Erlezainen ezkutuko lana ere ezagutu daiteke Santa Barbara bidean dagoen museo honetan.

Eguzkia berotzen hasi eta loreak irtetearekin bat hasten da denboraldia erleentzat eta erlezainentzat. Epeldek azaldu duenez, «martxoko lehen asteetan lan asko egin dute erleek. Erlauntzak eztiz beteta dituzte eta polen pila bat ekarri dute». Otsaila oso hotza izan da eta, loraldia atzeratu egin da. Sahatsa ohi baino beranduago loratu da, eta txikori lorea loratzen ari da dagoeneko. Gustura hartu dute, beraz, erleek martxoko beroa. «Otsaila horren hotza izanda, behar zuten. Jana eskasten ariko zitzaien».

Izan ere, erleek eztia behar dute bizirauteko. Hori dute elikagai eta jana ziurtatzearekin batera erregina arrautzak ipintzen hasiko da. «Hemendik aurrera jan asko behar dute ume horiek guztiak elikatzeko. Garai honetan erreginak egunean 2.000 eta 3.000 arrautza inguru jar ditzake, eta maiatza aldera 70.000 erle egon daitezke erlauntza batean».

Iraila bukaera bitartean egingo dute eztia, eurek jateko, kumeei jaten emateko eta neguarako gordetzeko.

Erlezainek behar baino ezti gehiago egitera bultzatuko dituzte, ordea, bizi diren erlauntzan gainean kaxak jarriz. Baina eztia ez da erleek sortzen duten produktu bakarra. Gizakiarentzat horren osasuntsua den propolia ere egiten dute. Erlauntzak desinfektatzeko erabiltzen dute erleek propolioa, baina horiek ez dira intsektu hauen ekarpen bakarra. Garrantzitsuena ere ez, sikiera. Izan ere, nektarra eta polena biltzen duten bitartean, naturarentzat behar-beharrezkoa den polinizazioa egiten dute. «Polena lore batetik bestera pasatzea funtsezkoa da, loreak ernaltzeko. Nahi gabe egiten dute: ileak polenaz zikintzen zaizkie eta lore batetik bestera pasatzen dute».

Lan hori beste intsektu batzuek ere egiten dute, baina erleek beste inork ez bezala egiten dute: bidaia bakoitzean lore mota bakarretik hartzen dituzte polena eta nektarra. «Irteerako 1.000 eta 1.500 lore bisitatzen dituzte, espezie berekoak. Etxera heltzean, paparoa eta hankak hustu eta berriro irteten dira. Hurrengo bidaian beste lore mota bat aukera dezakete. Jana gertu badute, kilometro bateko erradioan ibiltzen dira, eta bestela, hiru kilometro urrundu daitezke». Hala, erlategiak jana dagoen tokian prestatzen dituzte erlezainek, «bestela, gehiago nekatzen dira, gehiago jan beharra dute, istripuak izateko aukera handiagoa dute, denbora gehiago galtzen dute…».

Bidai horietan, ordea, «etsaiei» ere egin behar izaten die aurre erleek. Tartean, gizakiari eta azkenaldian horren ezaguna egin den Asiako liztorrari. Epeldek azken hau dagoeneko Euskal Herri osoan zabaldu dela uste du; baita, arazoa ez dela aditzera eman den bezain larria: «Arazo askoz ere serioagoak ditugu: barroa bera, adibidez».

Epelderen arabera, «liztorra bere burua elikatzeko sartzen da erlauntzetara, ez txikizioa egitera, eta hala, erlauntza bakarra dagoen tokian habia egiten badu, seguru aski nabarituko da. Baina, berarekin bizitzen ohitu beharko dugu». Etorri da eta zaila izango da kontrolatzea, «hemengo erleak ez baitu ezagutzen eta oraindik ez daki bere burua babesten».

Epeldek azaldu duenez, barroa «akaro bat da eta jada tratamenduetara ohitu da». Asiatik datorren akaroa da eta hango erleak garbitzen ikasi zuen, baina «hemengoak ikasiko al du?». Ingurua nahiko kutsatuta dago pestizidekin Aikurreko arduradunaren ustez, eta «erlea hortxe dabil… Guk kontrolatu ezin ditugun gauza asko daude eta jendea kezkatuta dago. Erlea ez da erraz ohituko halako toki kutsatu batean bizitzera. Bizimodua aldatzen ez badugu, zer gertatzen den ikusi egin behar».

Baikorrak izateko arrazoiak ere badaudela dio, ordea: «Egungo erlauntzekin transumantzia egitea garai batean baino errazagoa da, autoan eraman baititzakegu mendira. Erleak ere mugitu egiten dira: udaberrian bailarako loraldiak aprobetxatzen ditugu eta udan mendira eramaten ditugu. Han beste loraldi batzuk dituzte: txilarra, haritza, artea… Hauekin egiten duten eztia ilunagoa da, fuerteagoa».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>