Klak!son: sailkatu ezin daitekeen musika librea

Klak!son taldea Urretxuko, Zumarragako eta Antzuolako musikariek osatzen dute. Talde bat baino, proiektua dela diote, aho batez, Mikel Arriaran bateria-jotzaile zumarragarrak eta Aritz Ormazabal baxu-jotzaile urretxuarrak. Taldean sartutako azken musikariak dira. Izan ere, Klak!son-en ibilbidea luzea da jada, eta hainbat musikari igaro dira bere abestien partituretatik. Sortzen duten musikak ezaugarri bat badu, ezin dela sailkatu da.

«Gure artean ez dago lider jakinik. Hortaz, erabaki guztiak denon artean hartzen ditugu», dio Ormazabalek. Horrek, sormenaren alde eta kontra egiten duela gehitu du Arriaranek, «malguagoa eta irekiagoa da gure musika. Baina, poliki lan egiten dugu, ezinbestean».

Estilo zehatzik ez daukate. Entzutean ondo sartzen den musika sortu nahi dute. «Berria eta originala izatea baino, berezkoa eta gurea izatea nahi dugu», azaldu du bateria-jotzaileak.

Taldeko kide bakoitzaren gustu musikalak oso bestelakoak dira. Heavy zale bati rock zalea gehitzen zaio; aurrekoei post-punk-a gustuko duena. Blues-a eta funky-a gogoko dituenarekin osatzen da Klak!son taldea.

Iaz, urte amaieran, lehenengo diskoa plazaratu zuten, Zai at Devo city izenekoa. Hiru urteko ibilbidearen emaitza da, beraiek ekoitzitako artisautza lana. Musikari gazteek euren lanak merkaturatzeko dituzten aukerei buruz galdetuta, «aukerak, egon badaude. Musika talde gutxik dute merkatu handirako sarrera txartela. Baina, baliabide digitalek aukera berriak sortu dituzte», dio Ormazabalek.

Astero Antzuolan (Gipuzkoa) egiten dituzte entseguak. Hango lokalean grabatu zuten, ia bere osotasunean, Zai at Devo city. Jon Pinillos zumarragarraren letrak kantatzen ditu Mikel Bargiela abeslari antzuolarrak. Asier Alkorta gitarra jotzailea eta Jon Gurutz Biteri piano jotzailea osatzen dute Klak!son. Abestien egilea izateaz gain, Pinillos produkzio lanetan ere aritzen da.

Diskoaren ekoizpena norberak egin badezake ere, banaketarekin arazo gehiago daudela dio Ormazabalek. «Honetan ere, bide berriak bilatu behar dira». Mila ale atera dituzte. Urretxuko eta Zumarragako hainbat tabernatan salgai dago, 5 euroan. Apirilaren 13an Abadiñon (Bizkiaia) joko dute.

Taldearen izena ez dago autoen turutarekin lotuta. Klak onomatopeiaren doinutik dator, «iratzarri zaitzakeena, mugiarazi», argitu du Arriaranek.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>