Jesus Mari Rodriguez: «Futbola asko gustatzen zait, baina xake partidak ikustea gehiago»

Jesus Mari Rodriguezek (Ordizia, 1966) irabazi du aurten ere Urretxuko Eire-Bankoa xake txapelketa, Goierrin antolatzen den garrantzitsuena. Bederatzi aldiz parte hartu du eta dagoeneko sei txapela ditu.

Nolatan halako zaletasuna?
Oso berandu hasi nintzen; 21 urterekin ikasi nuen piezak mugitzen. Garai hartan xakea modan jarri zen, kalean jokatzen zen eta koadrilako gehienek jokatzen zekiten. Aspertu nahi ez banuen ikasi beharra neukan eta hala ikasi nuen. Asko gustatu zitzaidan eta aurrera jarraitu nuen. Koadrillako batzuekin Ordiziako xake taldea sortu genuen. Denda gehienek xake jokoak eman zizkiguten, Barrenan lokal bat utzi ziguten… Ostiraletan 60 bat lagun elkartzen ginen. Bizpahiru talde izan genituen, baina zortzi bat urteren ondoren, argia itzali egin zen.

Zer egin zenuen ondoren?
Urte batean Idiazabalen jokatu nuen eta beste bizpahirutan Beasainen, Alfil taldearekin. Alaba jaio zenean, duela 14 urte, utzi egin nuen. Izan ere, xakeak denbora asko kentzen du eta, gainera, partidak larunbat arratsaldetan jokatzen dira. Etxetik kanpora jokatzen genuenean 15:00etan irten eta 22:00etan itzultzen ginen.

Ez al zitzaizun gogorra egin zure zaletasuna uztea?
Erdizka ibiliz gero, gehiago sufritzen da. Gogorra egin zitzaidan, baina utzi nuen eta kito. Urte mordoxka eman nuen partidarik jokatu gabe, baina Maialenek 5 urte zituenean Eire-Bankoa txapelketaren berri izan nuen txapelketa. Honen abantaila malgutasuna da: eguna eta ordua arerioarekin adosten da, eta partidak ohikoak baino motzagoak dira. Astean bi ordu hartzea ez da zaila, eta etxekoak enteratu ere ez dira egiten. Oso erosoa da. Gainera, bizpahiru hilabete irauten du, eta hurrengo urtera arte ez dut xakean jokatzen.
Nire koadrillako batek txapelketa irabazia zuen, «nik zergatik ez?» pentsatu nuen, familiari ondo iruditu zitzaion… eta hala hasi nintzen Eire-Bankoan parte hartzen. Lehen urtean irabazi egin nuen, giroa asko gustatu zitzaidan eta Txema Iriberri antolatzailea oso jatorra iruditu zitzaidan. Ordutik ez dut kale egin.

Zenbat aldiz parte hartu duzu?
Bederatzi aldiz parte hartu dut eta seitan irabazi dut. Final bat galdu nuen eta beste batean hirugarren gelditu nintzen.

Txapelketa honetan bakarrik parte hartzen duzu. Nola lortzen duzu sasoi puntu bikain hori?
Eire-Bankoan urtero 40 bat lagunek parte hartzen dugu eta horietatik 15-20 federatuta daude. Batzuek maila altua dute: Alfil taldeko bigarrena, Elorriokoak… Horiek urte guztian jokatzen dute, eta errodajea eginda heltzen dira. Nire abantaila beste bat da: gosez heltzen naizela. Gainera, txapelketa honetako erritmoa ondo datorkit. Partidak ohi baino motzagoak dira, baina denbora faltak ez nau urduri jartzen.

Zer prestaketa egiten duzu Eire-Bankoa txapelketarako?
Xakea asko gustatzen zait, baina ez dut jokatzen. Internetek munduko txapelketa onenak zuzenean ikusteko aukera eskaintzen du. Hori da nire entrenamendua. Futbola ikustea asko gustatzen zait, baina xake partidak ikustea askoz gehiago. Gainera, aldizkariak erosten ditut; horietan zuzenean ikusitako partidak komentatzen dituzte eta hori oso lagungarria da.
Nire ustez, horrela lagun batekin egunero jokatuz baino askoz gehiago ikasten da. Jende askori partida komentatuak ikustea gustatzen zaio, baina niri ez: ordenagailuari partidak komentatzen uzten badiozu, ez duzu zeure burua erabiltzen.

Zure kasa ikasi al zenuen xakean jokatzen?
Hala da. Ez dut sekula maisurik izan. Ordiziako taldean lehen taula izan nintzen eta ondoan ez dut sekula hoberik izan. Hori bai, beti onenen kontra jokatzea gustatu zait.

Zein da jokatu duzun partidarik gogoangarriena?
Eire-Bankoan galdutako biak gehiagotan gogoratzen ditut irabazitakoak baino. Konfiantza gehiegi edukitzeagatik galdu nituen, Carlos Erostarbe legazpiarraren eta Zigor Igartua zumarragarraren aurka. Beste batean, finalean, Anibal Fernandezen aurka berdindu egin nuen eta, ondoren, berdinketa hausteko partida galdu nuen.

Zein duzu gustuko jokalaria?
Nire ustez, historiako onena Kasparov da. Ponomarioven laguna naiz. Hemen bizi da eta Groseko taldearekin jokatzen ari da. Bere aurka jokatu izan dut, baita gerra apur bat eman ere… baina barre egiten dit.

Eta goierritarren artean, zein duzu gustuko?
Ordiziako Lakuntza oso ona dela diote. Alfilekin jokatzen du. Rankinean puntu asko ditu. Eire-Bankoa puntuagarria izango balitz, antzerako puntu kopurua izango nukeela uste dut.

Ez al duzu txapelketa gehiagotan parte hartzeko gogorik?
Toki askotatik deitzen didate, baina ez dut joaterik. Seme-alabak hazten direnean, beharbada, txapelketa gehiagotan parte hartuko dut. Donostiako Openean parte hartzea asko gustatuko litzaidake, baina Aste Santuan jokatzen da eta egunero daude partidak. Egunen batean jokatuko dut.

Zer dohain behar ditu xake jokalari on batek?
Kontzentrazio oso ona, kalkulatzeko ahalmena, hoztasuna, memoria ona… Xakean erabakiak hartu behar dira, besteak zer egingo duen pentsatu… eta hori guztia bizitzarako oso lagungarria da. Gainera, ikerketa batzuen arabera, alzheimerraren garatzeko aukerak murrizten ditu. Europa mailan ikastetxeetan xakea bultzatzea erabaki dute eta, gainera, teknologia berrietara ondo moldatzen den kirola da. Etorkizun oparoa duela uste dut.

Zure ustez, zein irudi du gizarteak xakeari buruz?
Xakeak irudi ona du, gero eta gehiagotan esaten baitute pertsonaren garapenerako ona dela.

Goierrin ba al dago zaletasunik?
Beasaingo Alfil elkarteak lan handia egiten du. Maisu batek eskolak ematen ditu ikastetxeetan eta haur askok jokatzen dute xakean. Nik, adibidez, Zaldibian haurrei eskolak ematen dizkiet, gurasoek eskatuta.

Zer diozu Eire-Bankoa antolatzen duen Txema Iriberriz?
Lan bikaina egiten du: txapelketa prentsan ateratzea lortzen du, jendea animatzen du, Bankoaren diru-laguntza lortu du…

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>