Andoni Gomez: «Askok lotsa ematen dielako ez dute beren sinesmena aitortzen»

Andoni Gomezek (Idiazabal, 1993) akolito lanak egiten ditu Idiazabalgo elizan, orain bost urtetik hona. Ezohiko ofizioa duela onartzen du, baina eliza munduak haurra zela, erakarri zuela dio. Esperientzia horrek pertsona bezala hobetzeko ateak ireki dizkiola uste du.

Nolatan hasi zinen akolito edo meza laguntzaile lanean?

Betidanik gustatu izan zait mezatara joatea. Lau urte nituela jada, elizako argiek, doinuek eta irudiek liluratu egiten nindutela gogoratzen dut. Nire aurretik beste akolito bat egon zen Idiazabalen. Hark utzi zuenean nik lan hura hartu nahi nuela garbi nuen, baina oso lotsatia naiz eta kosta egin zitzaidan pausoa ematea.

Zerk animatu zintuen azkenean pauso hura ematera?
Garai hartan, hamahiru urte nituela, aitona gaixo zegoen etxean. Herriko apaiza sarri etortzen zen hura bisitatzera, eta horrek apaizarekin nuen harremana estutzeko bidea ireki zidan. Egun batean, indarrak batu eta nire asmoen berri eman nion. Ordutik, bost urte igaro dira.

Zeintzuk dira akolito baten eginbeharrak?
Lehen, gauza gehiago egiten ziren, baina orain ere ez zait lanik falta. Apaizari laguntzen diot orokorrean, mezatan poltsa pasatzen dut, kandelak piztu, musika jartzea eta kentzea ere nire ardura da, hiletetan hilkutxa sartzeko eta ateratzeko ateak irekitzea, eta baita tarteka, apaizaren hanka sartzeak konpontzea ere. Orain, haurren taldea antolatzeaz ere arduratzen naiz.

Nola ikusten duzu gaur eliza?
Elizak ez du jakin gizartearen martxa berdinean aurrera egiten. Orain 50 urte beharrak beste batzuk ziren eta elizara jende asko joaten zen. Gaur egun elizak modernizatzeko beharra dauka. Gainera, eskandalu batzuen aurrean, haurrei egindako abusuena adibidez, itsuarena egin du zenbaitetan. Ez du ongi erantzuten jakin, eta horrek ere ez dio mesederik egin. Gizartetik urrunduz doa.

Gazteak zergatik ez dira elizara joaten?

Moda kontutik baduela zerbait uste dut. Gaur egun ohikoena gazteak elizatik urruntzea da, eta batek hori egiten badu, besteek atzetik jarraitzen diote. Akolito hasi nintzenean kritika asko jaso nituen nire inguruan. Ohikotik ateratzen dena ez ulertzeko joera daukagu.

Sinistuna al zara?

Bai, nahiz eta elizak esaten duen guztiarekin bat ez natorren. Nire ustez, askok kontrakoa esaten duten arren, sinisten ez duenik ez dago. Guztiok daukagu zerbaitetan edo norbaitengan sinisteko beharra. Askok lotsa ematen dielako ez dute hori aitortzen.

Zein da mezatik gustukoen duzun unea?

Ez nuke bakarra aukeratuko. Mezen artean Gabonetakoak izaten dira politenak. Hiletak, adibidez, ez dira gustagarriak izaten, baina horrelako egoeren aurrean egoteak asko irakatsi dit bizitzaz eta heriotzaz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>