Bat eta bat

Joxepa Madariaga

Gaur bai, gaur bota behar diagu hik eta nik Sanprointziotako suziria, txupinazoa! Bihar diagu Sanprointzio eta ohitura onari jarraituz, bezperan hasiko diagu festa. Gora Sanprointzio!

Iñaxio, estu eta larri ibili nauk, zahartzen ari naizela garbi zagok, baina erabat amonduta ote nagok? 28an diagu herriko festak ospatzeko aitzakia dugun santuaren eguna eta parranda bezperan hasi izan diagu urteetan. Inoiz, askotan esango nikek, gertatu izan duk, 28a, adibidez, asteartearekin egokitzea, bezpera astelehena eta… hurbiltasunagatik, aurreko asteburuan ja festa usainean ibiltzea. Guztiz ulergarria. Baina aurtengoa? Zer duk aurtengoa? Jai egun nagusia larunbata izanik, bezperan, ostiralez festa hasi eta maiatzaren bata bitarte, astearte arte, bost egun ez al dituk nahikoa festa eder eta dotoreak antolatu eta ondo baino hobeto pasatzeko? Lazkaon, herri kaxkoko festak, maiatzaren 1ean bukatzen dituk beti eta ondoren, hurrengo asteburuan, Lazkaomendikoak izaten dituk, hainbat herritan egiten dituzten repetizioak, Lazkaon Lazkaomendin egiten dituk. Lazkaomendi ere Lazkao baituk!, hala sentitzen gutxitxo saiatzen bagara…

Aurten, hiru asteburutan izango diagu festa, apirilaren 20an hasi eta maiatzaren 6an bukatuz. Krisi-garaia dugula? Lazkaon festak ez dik krisirik!

Kontuak kontu, gaur bai: zzzzzzzz, pun! Gora Sanprointzio!

Inazio Usarralde

Ixooo, Joxepa! Zezen-larruko agintariek entzuten badinate hemen ditun, guraizeak hartuta, beste murrizketa bat aginduz. Eta bai, egia esan, aurtengo jaiak luze egin behar zaizkigula sentitzen dinat neuk ere. Ez zekinat hainbeste egunekin ez ote dugun mozkortuta amaituko. Eta badakin, edanari bezala, festa egunei ere norberak hartu behar neurria.

Halere, gogoa murrizketen auzi horretan jarri nahi dinat. Gozoak jarri ditun bada, arrazoi osoz gainera!, irakaskuntza munduko eragileak eta botikak ordaintzen hasi beharko duten pentsiodunak Madrilen iragarritako neurriekin. Bata bestearen atzetik murrizketa kate betean ari ditun inongo lotsarik gabe. Pentsa, matxinadarako deika hasi direla ere irakurri dinat nonbaiten. Ez zekinat zenbateko pisua duen argudio horrek, baina hobe din kontuz ibili Moncloako apopilo berri horrek.

Murrizketa guzti-guztiak gure pareko langatik behera daudenentzat ari ditun iragartzen. Hortik gora daudenentzat, berriz, amnistia fiskala. Hau da, gehien daukatenak ordaindu gabe libratu eta gainerakook ordaintzea; horixe bera, krisia gainditzeko proposatzen ari zaigun errezeta, berriro ere. Murrizketak ikusita gogoeta pare hauxe sortzen zaidan: bat, egunez egun arrazoiak ematen ari zaizkigun Zezen-larruko lurraldetik askatzeko. Aska gaitezen bada, goazeman behingoz! Eta bi, egoera honen aurrean ez zeukanagu ezer berririk asmatzen ibili beharrik: elkartu eta auzolana dun bidea. Eta adibidea Nazioen Mundua. Horratx herritarren mugimendu honen azken emaitza interesgarria: Gazta zati bat filma!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>