Bat eta bat

Igor Sarriegi

Bibitako txapeldunak baditugu, txapela Errioxara joan da aurtengoan. Gezurra dirudi, Titinek 43 urterekin oraindik zer eman dezakeen erakusten jarraitzen du. Merinori buruz zer esan, abuztuan gaixotasun batek kirola utzi araziko ziola uste genuen, eta atzelari onena ez bada, hauen pare dagoela erakutsi du. Txapela finaleko onenentzat izan da ezbairik gabe.

Baina igandeko finalari zerbait falta zitzaion: txapelketako jokalari onena. Aimar Olaizolarekin beste zerbait izango zen. Datuak hor daude. Goizuetakoak, Beroizekin, ligaxkako partida guztiak irabazi zituen, eta nola gainera. Finalerdietako ligaxkan dena aldatu zen. Lehenengo partida irabazita, bigarren jardunaldirako, Titinek irabaz ziezaiokeen frontoi bakarra aukeratu zuten enpresek, Gasteizko Ogeta. Partida ikusgarri batean hala gertatu zen, 22 eta 20 irabazi zuten errioxarrek. Finala zirudien, ikusitakoagatik eta beste pronostikorik ez zegoelako. Baina txapelketa luzea da, eta Beroizek pott egin zuen. Eskuak txikituta salduta utzi zuen Olaizola. Aixe irabazten ari ziren partida eskuetatik joan zitzaien. Olaizolak, hutsik egin gabe eta txapelketako onena izanik, finalerako txartela galdu zuen, gizon jokatuz gainera. Aimarrek finalerako txartela galdu zuen eta guk ikuskizuna. Titin eta Merinoren merituak ez ditut gutxietsi nahi, baina Aimar Bizkaia frontoian egon balitz historia beste bat izango zela uste dut eta ikuskizuna ere bai. Aupa Aimar!

Jon Balentziaga

Ez naiz ni Aimarren dohainak ezkutatzen arituko. Bere lorpenak hor daude begiratu nahi dituenarentzat. Binakako txapelketa, ordea, binakakoa da, ez buruz-burukoa. Bikotea da, bikote bezala ondo aritu behar dena. Bietako batek, hainbat arrazoi tarteko, kale egiten badu, akabo. Txapelketa luzea pilotari guztientzat izan da, eta denek zekiten hasi aurretik finalera iristeko bidea maratoiaren adinakoa zela. Aimar sartu ez den arren, bi bikote onenak aritu dira finalean. Izan ere, onena izateak berekin daraman beste ezaugarri bat, gogorrena izatearena da.

Gainera, pronostikoak haustearena, kirolak berekin duen gauzarik ederrenetarikoa da. Bestela, aspergarria litzateke oso. Txapelketaren aurkezpena egin zenean, denek jo genituen faborito Olaizola-Beroiz, eta Irujo-Barriola bikoteak. Futbolarekin alderaketa eginda, Bartzelona eta Real Madril bezalakoak zirela esan genuen. Eta gerora, ez bata eta ez bestea ez dira sailkatu.

Egia da finala bera ez zela goi mailako partida izan, baina hori askotan gertatzen da. Finalean gertatu ziren beste kontu pare batek eman didate niri zer pentsatua. Merinok sekulako partida egin zuen, hori bistakoa da. Dena den, kalanbreak tarteko, edozein unetan aldageletarako bidea hartu eta bederatzi minutuko atsedena hartzea gehitxo iruditzen zait. Xala eta Laskurain ixilik geratu ziren arren, zer pentsatua eragiten didan gaia da. Baita iparraldeko pilotariak salatu zituen txistuak ere. Errioxako pilotazaleak hazita etorri eta puztuta itzuli ziren etxera. Badituzte horretarako arrazoiak, baina galtzen bezala irabazten ere jakin egin behar da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>