Belen Arrondo: «Krisiaren aitzakian hezkuntza erabiltzen ari dira dirua aurrezteko»

Belen Arrondo (Beasain, 1956) STEE-EILAS irakaskuntza sindikatuko idazkaritza nazionaleko partaidea da, eta sindikatuko bozeramailea. Gasteizen bizi da. Irakasle ikasketak egitera joan zen, eta 1977. urtetik gaur arte, lanpostua hango Umandi ikastolan dauka. Espainiako gobernuak hezkuntzan murrizketak egingo dituela iragarri berri du. Arrondok, hala ere, murrizketak aspalditik datozela dio.
Gasteizen bizi den arren, noizean behin Goierrira pozik etortzen da. Bere familia zuzena Beasainen bizi da, eta inguruko herrietan zeharkako famili ugari dauka. Belen Arrondok Goierriko berriak jarraitzen ditu.

Hezkuntzari dagokionez, zeintzuk dira zehazki Espainiako gobernuak iragarri berri dituen murrizketak?

Azken urteetan murrizketa ugari jasaten ari gara hezkuntza munduan, bereziki, irakaskuntza publikoan. Azkenak, Madriletik etorri dira: ikasleen kopurua %20 haziko da gelako, irakasleen eskola orduak igoko dituzte, bajak 10 egun pasa arte ez dira ordezkatuko, soldaten osagarriak kenduko dituzte, eta Batxilergoan eta Lanbide Heziketan hainbat neurri ezarriko dituzte.

Azkenaldian, egunero ia, hezkuntzaren alorrean egingo dituzten murrizketen berri ematen dute. Gero eta larriagoa al da egoera?
Zalantzarik gabe, azken neurri hauek eta aurrekoek, egoera larritzen dute. Hilabete asko daramatzagu hau guztia salatzen, Gipuzkoan, Araban, Bizkaian zein Nafarroan: langile kopuruak behera egiten duen bitartean, ikasle kopurua gora doala, ordezkapenak ez direla modu egokian betetzen, lan zama gehitzen ari dela… Finean, hezkuntzan ez dela behar beste inbertitzen. Ondorioa hezkuntzaren izugarrizko atzerapausoa da, eta hainbat urtetan lortutakoa kinka larrian jartzea.

Nola eragingo dute neurriek irakasleengan eta ikasleengan?
Irakasleek eskola ordu gehiago izanda, beste alor batzuetarako denbora gutxiago daukate: prestaketarako, koordinaziorako, formaziorako… Bestalde, gelan ikasle gehiago baditugu, bakoitzari erantzun egokia ematea zailagoa da. Irakasleen lan zama handituta, ezintasunaren sentsazioa areagotu egiten da. Irakasle asko lanik gabe geldituko da, eta behin-behinekotasunak gora egingo du. Ikasleen aniztasunari erantzuteko ezinbestekoa da baliabide egokiak izatea, eta 30 ikasleko gela batean hori ia ezinezkoa bihurtuko da. Neurri hauek guztiek hezkuntza kalitatea kaltetzen dute zuzen-zuzenean.

Zein da, zure ustez, murrizketa hauen benetako helburua?
Nire iritziz, krisiaren aitzakiarekin, hezkuntza eta zerbitzu publikoak erabiltzen ari dira, besteak beste, dirua aurrezteko. Zerbitzu publikoak suntsitzen dituzten bitartean, pribatizazioak bultzatzen dituzte.

Bereziki, hezkuntza sistema publikoaren kaltetan egindako murrizketak al dira?
Nire ustez, murrizketa hauek guztiek hezkuntza sistema osoari eragiten diote. Baina, bereziki, eta zalantzarik gabe, hezkuntza sistema publikoa ukitzen dute errotik. Irakasleen lan orduak, ikasle kopurua gelako, eta ordezkapenen gaineko neurriak hezkuntza publikoan zegoen errealitatean oinarritzen dira, eta zuzenean aplikatuko dituzte. Ezin dugu ahaztu sistema publikoa dela ekitatea atzemateko eta kohesio sozialerako berme garrantzitsu bat. Gainera, aldez aurretik, Gipuzkoako, Arabako, Bizkaiko eta Nafarroako gobernuek ezarri zituzten beste murrizketa batzuk irakaskuntza publikoan.

Hezkuntza sistemaren efizientzia ezaren izenean murrizketak beharrezkoak direla esaten ari dira. Efizientzia eza benetakoa al da?
Hezkuntzaren kalitatea edo hezkuntzan ematen diren emaitzak hainbat modutara neurtu eta baloratu behar dira. Baina, ebaluazioetan oinarritutako emaitzak ateratzen direnean ere, ezin da efizientzia eza ondorioztatu. Adibidez, Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban eskola porrota eta eskola uztea %12koa da, Nafarroan %16koa eta Estatuan % 30 ingurukoa. Beraz, guztientzako ez dute errezeta berdinek balio. Guk, herri honetan, gure errealitatetik abiatuta, gure hezkuntza sistema publikoa antolatzeko ahalmena izan behar dugu. Nire iritziz, homogeneizazioa eta zentralismo merkea ez dira bideak. Hemen lortutako mailak atzerako bidean ipintzen dira horrelako neurriekin.

Zeintzuk esango zenuke direla egungo hezkuntza sistemaren ahuldadeak? Eta indarguneak? Erantzulerik ba al dago?
Boterean dauden politikoen neurriek ahultzen dute hezkuntza sistema. Erantzuleak Madrilen, Iruñean eta Gasteizen daude. Krisia baliatzen ari dira zerbitzu publikoen aurkako eraso itzela egiteko, eta hezkuntzaren aurka, bereziki. Une honetan hori da ahuldaderik handiena. Hezkuntzan, jendartearen erronka handiei aurre egiten diegu: euskalduntzea, integrazioa ahalbideratzea, guztiontzako aukera berdintasunak lantzea, jakintza eta espiritu kritikoa bultzatzea … Hor jende asko, eskola asko, proiektu asko ari dira jo eta ke, eta hori da gure indargunerik handiena: irakasle eta eskola horien guztien konpromisoa eta eguneroko lana. Barrutik ezagutzen duzunean, oso aberatsa da eskola mundua. Hala ere, hori guztia, egun, Espainian, Nafarroan zein Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban agintea dutenei ez zaie gehiegi axola, eta hartzen dituzten erabakietan eskolarekiko eta eskoletako jendearekiko mesprezua erakusten dute. Eta, kontrakoa egin beharko litzateke: irakaskuntza babestu, zaindu. Hartu duten bideak, tamalez, murrizketa latzen jomugan jartzen du eskola.

Euskal Herriari dagokionez, neurriek autonomia estatutuarekin talka egiten dute zuzenean. Zer eskatuko zenioke Eusko Jaurlaritzari?
Orain, autogobernuaren defendatzaile sutsu gisa agertu nahi dute. Aitzitik, Eusko Jaurlaritzaren eguneroko neurriek estatuarekiko erabateko menpekotasuna adierazten dute. Lanbide Heziketarako III. Plana, adibidez, Espainiako araudiaren aplikazioa da funtsean, hemendik bertatik eginiko gogoetarik eta proposamenik gabe. Hemengo eskolaren errealitatetik abiatzea, eta hemengo eragileekin adostasunak bilatzea eskatzen diogu jaurlaritzari. Baina, ausardia politikoa falta zaio hemendik bertatik, benetan, pentsatu eta erabakitzeko. Gainera, gauzak nola doazen ikusita, gero eta beharrezkoagoa da gure bide propioari ekitea. Jaurlaritzari eta Nafar Gobernuari orain arte ezarritako murrizketak bertan behera uztea eskatzen diegu, eta Madriletik datozen neurri berriak ez betetzea.

Murrizketak aplikatu eta gero, gela bat irudikatuko al zenuke? Eta, unibertsitate publikoko gela bat?
Murrizketak denbora luzez egon dira gure geletan. 2009tik etengabeko murrizketak egiten aritu dira Eusko Jaurlaritza nahiz Nafarroako Gobernua. Oraingo murrizketak aurreko murrizketen gainera datoz. Gela bat irudikatu? Aurrekoa egia bada ere, gela gehienak leku alaiak dira, biziak. Umeak eta gazteak nekagarriak izan badaitezke, bizi-biziak ere izaten direlako da. Unibertsitate publikoko gela bat? Antzekoa, baina egoera ekonomiko honetan eta tasen igoerarekin, gela horretan egon beharko liratekeen ikasle batzuk faltan botako ditut.

Honen guztiaren aurrean, zer?
Hezkuntza inbertsio bat da, krisi garaian are gehiago. Uste dut aurre egin behar diegula politika hauei, eta erantzun. Gure indar guztiekin jarraitu behar dugu mobilizatzen. Ez gaude prest ongizate estatua desmuntatzeko egiten ari diren ahalegin hauek irensteko, eta bidea mobilizazioa da. Guk bide horretatik jarraituko dugu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>