Josu Etxezarreta: «Gazte batentzako inbertsio handiegia da artzantzan egiten dena»

Josu Etxezarreta (Segura, 1989) artzantzatik bakarrik bizi den gazte bakarrenetarikoa da egun Goierrin. Parranda, lagunartea eta lana uztartzea lortzen du Etxezarretak bere egunerokoan, bere lana oso lotua bada ere.

Zenbat urterekin hasi zinen artzain?
Hasi-hasi, jaio nintzeneik: amarekin, osaba-izebekin… eta amonarekin ere bai! Beti ardi artean ibili izan naiz.

Zer egiten duzu egunerokoan?

Orain, goizean-goiz jeiki eta 07:00ak aldera edo ardiak jetzi, jaten eman, zelaira eraman… Basura edo ihintz handia badago beranduxeago jezten ditugu, tripetatik nahastuta ibiltzen baitira. Iluntze aldera, berriz, 19:00ak inguruan, berriro jetzi eta ikuilura eramaten ditugu.

Hori udaberrian; eta udan?
Maiatz amaieratik Santu Guztien Egunera arte Urbiara eramaten ditugu. Bost hilabete inguruan antzututa egoten dira, eta egunean pare bat aldiz kasu egitera joatearekin nahikoa da.

Beraz, uda partean lasaiago bai, baina oporrik gabe, ezta?

Bai… Udan askatasun gehiago izaten dugu, baina opor-oporrik ez. Baina tira, ezin arituko gara beti negarrez! Lan lasaia izaten da uda partekoa [barrez].

Etxean ikasita eraman zenuen guztiaz gain, zer ikasi zenuen Arantzazuko Artzain Eskolan?
Ikasi-ikasi gauza gutxi. Gehinbat makineria berriak nola erabili, gazta teknologia berriekin nola egiten den ikasi… Horrelakoak bai. Baina ardi mozten, umeak kentzen, errenak sendatzen eta halako gauza gehienak etxetik ikasita eraman nituen.
Izan ere, Arantzazuko eskolara artzantzaz ezer ez dakiten jendea ere joaten da. Ni ibili nintzen garaian esaterako, hiru txiletar, Asturiaseko bat, bizkaitarrak, arabarrak, nafarrak… 30 urtez azpiko 16 lagun.

Eta zu bezala, artzantzatik bakarrik bizi den gazte asko ezagutzen al duzu inguruetan?
[Denbora luzez pentsatzen aritu ondoren] Ez… Lazkaomendin uste dut bat badela bat, baina gainerakoan ez zait burura inor etortzen. Izan ere, inbertsio handiak daude egin beharra egun. Guk iaz erosi genuen makina, baina gazteek ez dute halakorik egiteko dirurik; oso zaila da horri buelta ematea.

Zuen Arbelaitz izeneko gazta Idiazabal Gazta izendapenaren barruan dago. Hor ere egoera okertzen ari dela esan zuten Artzain Egunean…

Erregistratuta gaude bai, baina oso gazta gutxi egiten dugu guk. Hobe da gutxi egin baina egiten dugun hori saltzea. Bezero fijoak ditugu gehienbat. Idiazabalgo ikuiluan eta Urbiako Arbelar txabolan saltzen dugu ardi Latxa mutur beltzen esnearekin egindako gure produktua.
Baina ari da bai egoera okertzen: pentsuaren prezioa igotzen ari da, leku batzuetan lehortean daude, esnea oso prezio baxuan saltzen da…

Eta geroa?

Geroa beltz; beltz ikusten dut…

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>