Agerpena ala eromena

Errepublika garaian, 1933. urtean, herriko bi umek ama birjinaren irudia
ikusi zutela esan zuten. Berehala fededunen erromes toki bihurtu zen Ezkio; egun batzuetan 80.000 lagun ere bildu ziren, elizak debekatu zuen arte.

Benetako eromena sortu zuten Ezkio-Itsason 1931. urtean izandako ustezko agerpenek. Herriko bi umek ama birjina agertu zitzaiela esan zuten. Kontua berehala zabaldu zen, eta jendetza etortzen hasi zen Anduagako zelaietara. Jende gehiagok ere esan zuen ama birjina ikusi zuela, eta gaitzak sendatzeko ahalmena zuela. Polemika handia sortu bazen ere, erromes toki bihurtu zen Ezkio.

Ustezko gertakariak ekainaren 30ean izan ziren. Egunero bezala, Bereziartua anai-arrebek (7 eta 11 urtekoak) esnea erosi eta atzera etxerako bidean zihoazen. Anduaga parean, argi distiratsu bat ikusi zuten. Ama birjinaren irudia zen. Aurreneko agerpen hartan, ama birjina zuriz jantzita eta mantoi beltz batekin zegoela esan zuten umeek. Esku batean Jesus haurra zuen, eta bestean zapi bat. Askok ez zuten kontu hura sinetsi, baina aste beteren buruan, Patxi Goikoetxea arotzari agertu zitzaion ama birjina. Orduan erabat beltzez jantzita, eta odoldutako ezpata bat eskuan zuela agertu omen zen.

Kontua berehala zabaldu zen, eta jendetza etortzen hasi zen Ezkiora. Askok ama birjina ikusi zutela esan zuten. Beste batzuk, gaitzak sendatzen zituela. Baziren extasi egoeran sartu eta atzerriko hizkuntzak hitz egiten zituztenak ere. Anduagan jendetza biltzen zen; egun batean 80.000 lagun ere elkartu ziren, garaiko kroniken arabera. Hainbesteko eromenak, eliza bera ere kezkatu egin zuen, eta hasieran agerraldiei sinesgarritasuna eman bazieten ere, berehala hasi ziren kontrako ahotsak agertzen.

Ustezko agerraldien kontra gogorren agertu zenetako bat, Jose Antonio Laburu apaiza izan zen. Agerraldiei sinesgarritasuna kentzeaz gain, ama birjina ikusi zutela ziotenek buruko arazoak zituztela esan zuen. Aldekoen artean berriz, Amado Cristo de Bruguera apaiza zegoen. Hainbat mirariren lekuko izan zela zioen, eta ustez gezurretan ari zirenei, froga gogorrak pasa arazten zizkien.

Gertaerak izan zirenetik bi urtera, Mateo Mujika Gasteizko obispoak, idatzi bat bidali zuen Vaticanora, Ezkioko agerpenak gezurrezkoak zirela esanez. Eliza ofizialki agerpenen kontra agertu zen, eta gaiaren inguruko liburuak edo bestelako argitalpenak ateratzea debekatu zuten. Hala ere, jendeak Anduagan biltzen jarraitu zuen, harik Gipuzkoako gobernadoreak aurrena, eta Ezkioko alkateak gero, han biltzea debekatu eta isunak jartzeko mehatxua egin zuten arte. 79 urte geroago, oraindik ere badira Ezkiora gerturatzen diren fededunak.

Iruzkinak (1)

  1. […] Goierriko Hitzak maiatzean argitaratu zuen erreportajean argi bezain zehatz kontatzen da guztia: […]

    [WORDPRESS HASHCASH] The comment’s server IP (72.232.112.14) doesn’t match the comment’s URL host IP (76.74.254.120) and so is spam.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>