Presoak plazara

Euskal presoen eskubideen defentsan Herrira taldeak sortu dira Goierriko hainbat herritan. Talde horien helburua presoak herrira gerturatzea da, eta, horretarako, lehen ekintza nagusia biharko ‘Goazen Plazara’ izango da.

Ordizian, Besainen, Lazkaon, Ataunen, Idiazabalen, Legorretan, Seguran, Zegaman, Zaldibian, Urretxu-Zumarragan eta Legazpin sortu dira dagoeneko Herrira taldeak. Goierriko beste herri batzuetan, berriz, taldea sortzeko lanean ari dira.

Herri mugimendu berria da Herrira, urtarrilaren 7an Bilbon egin zen presoen eskubideen aldeko manifestazio jendetsuaren ondoren sortutakoa. «Euskal preso politikoen aurka ezarritako muturreko egoerak gainditzea» da Herrira taldearen helburua. Hala, euskal presoen egoera gainditzeko sei aldarrikapen egiten ditu Herrirak.

Euskal presoak Euskal Herrira ekartzea da lehena eta nagusia eta, horrekin batera, Espainian ezartzen den 197/06 doktrina edo Parot doktrina bertan behera uztea, eta zigorra bete duten presoak askatzea; Frantzian ezartzen den bizi osorako zigorra bertan behera uztea, zigorraren 2/3 eta 3/4 bete dituzten presoak kaleratzea, gaixotasun larriak dituzten presoak askatzea, eta bestelako gaixotasunak dituzten presoak egoki zaintzeko beharrezko neurriak hartzea ere eskatzen du.

Frantziaren eta Espainiaren espetxe politika egokitzea ere eskatzen du mugimenduak, «hasi den aro berrian gatazka konpontzeko bidean modu positiboan eragiteko».

Goierrin 29 preso politiko daude egun; 24 Espainiako espetxeetan dituzte preso, hiru Frantziakoetan, eta bi etxean. «Gure eskualdean, Inma Berriozabal zegamarra muturreko egoeran dago, gaixotasun larria dauka eta. Legazpiko Juani Delgadori eta Ezkio-Itsasoko Gonzalo Rodriguezi Parot doktrina ezarri diete, adibidez. Horien egoera salatzeak eta etxera ekar ditzatela eskatzeak lehentasuna du», azaldu dute Herrira taldeko Iñigo Ormazabal zumarragarrak eta Aloña Muñoa segurarrak .

Beti egon dira presoen eskubideen alde lan egin duten taldeak, baina Herrira plataformaren helburua orain arteko ekimenak baino anitzagoa izatea da. «Herri batzuetan dagoeneko presoen inguruan lan egiten zuen jendea zegoen, eta horiek taldean txertatu dira. Beste batzuetan ez zegoen mugimendurik eta orain hasi dira lan egiten».

Izan ere, herrietako ahalik eta sektore gehienetara iritsi nahi du Herrirak. «Bilboko manifestazio historikotik alderdi politiko askok presoen auziarekiko jarrera berriak hartu dituzte. Hori guztia kontuan hartuz, begi bistakoa da egungo kartzela politikak ez duela sostengu politiko eta sozialik», diote.

Horregatik, «garrantzitsua da herritarrok batuta ekitea, espetxeetako giltzak dituztenak jarrera aldatzera bultzatzeko», azpimarratu dute. «Manifestazio hark sektore ezberdinetako jendea ekitaldi baten inguruan elkartu zuen, eta orain jende hori guztia eguneroko dinamikan txertatu nahi dugu», gaineratu dute.

Berritzailea izan nahi du Herrirak, lanerako modu eta moldeetan, Ormazabalek eta Muñoak adierazi dutenez. Hala, bihar, larunbata, hilak 19, lan horren erakusgarri izango da Herrira taldeak antolatutako Goazen plazara ekimena.

Aulki txuri hutsak egongo dira plazetan, «herrian falta diren preso eta iheslariak sinbolizatzeko». Hori baita Herrirak preso eta iheslarien «hutsuenea, eta era berean presentzia, irudikatzeko daukan molde berritzailea».

Plataformako bi kideek taldearen izaera berria dela, jende berria egongo dela, eta lana egiteko modua ere berria izan daitekeela argi utzi nahi dute: «Ez gara kalera aterako, adibidez, errepresio ekintza bat dagoen bakoitzean. Ez gara jaio politika egiteko; presoak etxeratzeko presio soziala egiteko baizik».

Biharko ekitaldiaren ondotik, ekintza nagusia hileko azken ostiraletako bilkurak izango dira. «Bilkuretan gauza berriak egiten ari gara eta pixkanaka jende gehiago gerturatzen da», diote.

Orain arte lortutakoarekin gustura daude Herrira taldeko bi goierritarrak, aniztasunaren aztarnak nabarmentzen ari direlako: «Euskal Herriak historia gordina du, baina hainbat tokitatik datorren jendea elkartzen ari gara. Ez da erraza, baina asko gara presoak etxera ekartzearen alde gaudenok, eta horrek batzen gaitu».

Presoak ere, itxaropentsu daudela esan dute Muñoak eta Ormazabalek. «Gaur egungo egoerak ilusioa pizten die, bai presoei eta baita euren senideei eta lagunei ere. Baina errealitatea, oraingoz, gordina da, eta euren aldeko lan txukuna egiteko aukera dugu».

Herrira mugimenduak Goierriko ia herri guztietan antolatu ditu ekintzak Goazen plazara ekimenaren barruan. Elkarretaratzeak egingo dituzte, eta hainbat herritan festa giroa ere nagusituko da. Ekitaldi horiek guztiak herrira.org eta goierri.hitza.info helbidean daude jasota. Mugimenduaren inguruan informazio gehiago nahi duenak herriragoierri@gmail.com helbidera idatzi dezake eskaera egiteko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>