Drogaren arriskua murrizteko programa

Ai Laket! elkartea 1998an jarri zuten martxan. Droga kontsumitzaileez eta kontsumitzaile ohiez osatutako taldea da, eta drogak hartzearekiko jarrera «neutro» eta «ez-morala» dute. Drogak kontsumitu ala ez, modu librean hartu behar den erabaki pertsonala dela uste dute elkarteko kideek, eta erabaki hori informatu eta hausnartu ondoren hartu behar dela azpimarratzen dute.

Informazioa banatzeko eta ondorengo hausnarketa egin ahal izateko, festak eta kontzertuak dauden guneetan informazio puntuak jartzen dituzte. Elkartearen helburua gazteen artean drogen gehiegizko kontsumoa sahiestea da; horretarako, arriskuen berri ematen diete, substantzia ilegalen inguruan osasun kontrolik ez dagoela ohartarazten diete, eta arriskuak murriztea aholkatzen diete.

Festa guneetan Testing programa gauzatzeko karpa bat jartzen dute, eta bertan, kontsumitzaileek eskura dituzten substantzia ilegalak aztertzen dituzte. Izan ere, substantzia horien aizuntzea edo faltsutzea droga ilegalen kontsumoarekin lotutako osasun arrisku nagusietakoa da. Programa honek osasun zerbitzu arruntetara jo nahi ez duten gazteei euren zalantzak argitzeko aukera ematen die, eta substantzia berrien agerpenari eta kontsumo moldeen aldaketari buruzko datuak jasotzeko ere egokia da.

Festa gune horien artean, pasa den asteburuan, Beasaingo Loinatz jaiak aukeratu ditu Ai Laket! elkarteak Testing programa egiteko, eta elkarteko kideak gustura daude Loinatzetan jaso duten erantzunarekin. «Ia gau guztian euria egin zuen arren, nahikoa jende hurbildu zen: 290 lagun guztira, iaz bezala gutxi gorabehera», azaldu du Ai Laket!-eko Unai Perez de San Romanek.

Gazteek preserbatiboak eta alkoholimetroak hartzeko, galderak egiteko eta droga ilegalak testatzeko aukera izan zuten. Guztira, 32 lagunen droga analizatu dute. «Droga ekarri zuten guztiak gizonezkoak ziren. Gehienek haxixa eta marihuana ekarri zuten, baina kokaina, speed-a eta MDMA» ere aztertu zituzten.

Kasu guztietan, jendeak droga horiek erosten dituenean nahi duen printzipio aktiboa aurkitu zuten, eta lehen ondorioen arabera «MDMA oso purua» ari dira saltzen. Kokaina, berriz, «purutasun eskasekoa».
Emaitza kualitatiboak hiru aste barru jarriko dituzte ailaket.com helbidean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>