Goierri-Roubaix

Aitor Mujika zaldibiarra eta Albaro Villa lazkaotarra koinatuak dira, eta sekulako bizikleta zaletasuna dute. Igandean Paris-Roubaix proban parte hartuko dute: 210 kilometro osatuko dituzte, horietako 54 harbide gainean.

Profesionalek apirilean korritzen dutenaren antz handia du zikloturisten Paris-Roubaix probak. Bi urtean behin antolatzen dute, eta Albaro Villa lazkaotarrak bosgarren aldiz parte hartuko du; Aitor Mujika zaldibiarrak laugarrengoz. Bi goierritarrek Flandriako Tourra, Milan-San Remo eta Liege-Bastogne-Liege probetan ere parte hartu dute. Lonbardiako Giroa bakarrik falta zaie txirrindularitzan Bost Monumentuak izenez ezagutzen dena osatzeko.

Villak 37 urte ditu, eta Mujikak 41. Biak txirrindulariak izan ziren, eta besteak beste, lehenak Gipuzkoako txapelketa irabazi zuen gazteen mailan. Villaren amaren familian txirrindularitzaren oso zaleak dira. 6-7 urterekin Frantziako Tourra ikustera eraman zuten, eta ondoren hasi zen lehiatzen, eta gurasoak lasterketa guztietara joaten ziren. «Gaztetan Unai Osaren eta bere antzekoen pare ibiltzen nintzen, baina ikasketei lehentasuna eman nien», gogoratzen du Villak.

Mujika ere umetan hasi zen bizikletan, Jokin Mujikaren eraginez; izan ere, Mujika txirrindulari ohiaren lehengusua da zaldibiarra. «Zazpigarren edo zortzigarren mailan atletismora pasa nintzen, eta 16rekin motorrean hasi nintzen. Ondoren, berriro txirrindua hartu nuen». Lanean ari zela, 18-19 urterekin, lasterketetan parte hartzen hasi zen berriro, eta urte betez «buru-belarri» aritu zen. «Ez nintzen gaizki moldatzen eta 24 urterekin utzi nuen», azaldu du Mujikak.

Lasterketa batean egin zuten topo Villak eta Mujikak, baina Frantziako Tourrean ezagutu zuten elkar. Ondoren, Villaren arreba Mujikarekin ezkondu zen eta, ordutik, banaezinak dira.

«Pirinioetako eta Alpeetako mendate gehienetan» elkarrekin izan dira, eta martxa askotan parte hartu dute, baina euren proba kuttuna Paris-Roubaix da. Villak 2000. urtean parte hartu zuen lehenengoz. «Informazioa lortu nuen, ez dut gogoratzen nola, eta joatea erabaki nuen. Garai hartan askoz ere zailagoa zen informazioa lortzea. Arrebak telefonoz deitu zuen izena emateko eta hotela lortzeko. Urte hartan bospasei joan ginen Espainiar Estatutik eta aurten, berriz, 250 bat joango gara».

2002an Mujika ere joan zen, eta ordutik, beti elkarrekin ibili dira: Flandriako Tourra bost aldiz egin dute, Liege-Bastogne-Liege bitan, Amstel Gold Race eta Milan-San Remo behin… Aurten Flandriako Tourra eta Liege-Bastogne-Liege osatu dituzte dagoeneko eta igandean Paris-Roubaix proban parte hartuko dute.

Euren ametsa Italiako Eroica proban parte hartzea da. Martxa hau garai bateko txirrindularien omenez antolatzen da, eta kilometro asko lurrezko bideetan egiten dira. Ez da erraza parte hartzea, txirrindulari kopurua mugatuta baitago eta gutxienez 30 urte dituen bizikleta eraman behar baita. Arropa ere ezin da gaur egungoaren berdina izan, bizikleten garaikoa baizik.

Frantzian, Belgikan eta Holandan antolatzen diren martxak gustatzen zaizkie gehien bi goierritarrei. «Herrialde horietan proba bakoitzak luzera ezberdineko lauzpabost ibilbide ditu, mundu guztiak parte hartzeko aukera izan dezan. Hemengo jendea txundituta gelditzen da. Izan ere, han ez dago lehiakortasunik».

Ez dago lehiatu beharrik, ordea, sufritzeko. Harbide gainean 50 kilometro egitea ez da ahuntzaren gauerdiko eztula. «Mentalizatu beharra dago. Bizikleta gainean ordu asko eman behar dira eta, gainera, askotan eguraldi txarra egiten du. Fisikoki baino gogorragoa da mentalki. Beti izaten dugu beheraldiren bat», azaldu du Mujikak.

Harbide gaineko proba nagusiak Frantzian eta Belgikan antolatzen direnez, herrialde horietako biztanleek primeran domeinatzen dute teknika. Euskaldunak geroz eta hobeto moldatzen dira, ordea. «Asko ikasi dugu. Lehen urtean lehertuta bukatu nuen: eskulekua tentsio handiarekin heldu nuen, ez nuen garapen egokia eraman, tubular estuak eraman nituen, gurpilen presioa ez zen egokia…». Egun, sei bat hilabete lehenago hasten dira bizikleta prestatzen. Aurten 27 hazbeteko tubularrak eraman behar dituzte, eta urte erdi eman dute zain horiek lortzeko. «Hemen halakoak lortzea oso zaila da». Banesto taldeko mekanikaria izan zen Enrique Sanz laguna dute, eta hark «altzairuzko gurpil bikainak» prestatu zizkien probarako.

Proba baterako horrenbeste lan hartzeak merezi duen galdetuta, ez dute zalantzarik: «Lan handia hartzen dugu, baina ilusioz egiten dugu eta proba egunean primeran pasatzen dugu. Gainera, Roubaixeko belodromo mitikora sartzea sekulakoa da txirrindulari batentzat». Horrenbestekoa da non, dagoeneko dezentetan joan badira ere, «oraindik hunkitu» egiten direla.

Prestaketa fisikoari dagokionez, ez dute asko entrenatzeko aukerarik. «Apirilera 1.500 kilometro ingururekin heltzen gara. Baina, esan bezala, Frantzia eta Belgikako probetan ez dago lehiakortasunik: jendea kontrol guztietan gelditzen da ondo eta lasai jatera, eta hori lagungarria da», azaldu du Villak.

Mujikak hango eta hemengo proben artean, lehiakortasunari dagokionez, alde handia dagoela dio: «Hemen lehiakortasuna izugarria da. Bertako probetan ez da ezer errespetatzen: portuak ezkerretik jaisten dira – nahiz eta errepidea autoentzat zabalik egon–. Italian hemen bezala da, eta Milan-San Remora, seguru aski, ez gara itzuliko. Oso arriskutsua da».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>