‘Gure esku dago’

Autodeterminazio eskubidea «lokatzetatik eta sasitik atera, garbitu», eta gizartea sentsibilizatzea eta kontzientziatzea izan da Nazioen Mundua herri ekimenaren lau urteotako lana. Idiazabalen hasitako ibilbide horretan, 2009ko abenduaren 19a data garrantzitsua izan zen: Goierriko sentsibilitate desberdineko 50-60 eragile elkartu ziren, eta Nazioen Mundua Goierriko ekimen bihurtzea erabaki zuten.

Nazioen Mundua herri ekimenak hainbat ekintza egin izan du Goierrin zein Goierritik kanpo, autodeterminazio eskubidea gizarteratzen, «eskubide demokratiko baten inguruan desberdinen arteko topaguneak bilatzeko». Azken hiru urteetan, adibidez, aldarrikapen festa antolatu izan du uda garaian, eta festa bakoitzeko lelo desberdina erabili izan du. Nazioen Munduaren lanaren bilakaera adierazten duten leloak dira.

Beste data garrantzitsu bati begira jarri ziren Nazioen Mundukoak: 2010eko urriak 16. Eskoziarren eta euskaldunen arteko topaketa antolatu zuten Ordizian. Idiazabaldarrek 2007tik zuten hartuemana eskoziarrekin eta katalanekin.

Urriko jaialdia ardatz hartuta, 2010ean, Nazioen Munduaren helburuak Goierrira zabaltzea zen erronka. Lehenengo pausoa, Euskal Herri mailan ezagunak diren sentsibilatate desberdineko 35 goierritarrek, 2010eko maiatzaren 21ean, Beasaingo Igartza jauregian sinatu zuten manifestua izan zen. «Langa pasata», ordura arte Goierrin eta Euskal Herrian ikusi gabeko argazkia zen. Alderdi politiko abertzaleek bat egin zuten autodeterminazio eskubidearen aldarrikapenarekin.

Ekainaren 2an, Pasalanga lelopean, Larraitzen, festa eta aldarrikapen eguna ospatu zuten. Nazioen Munduak metaforatzat erabili izan du beti Larraitz: «Bat Idiazabaldik Abaltzisketara badoa eta bestea Idiazabaldik Txindokira, joan daitezela elkarrekin Larraizko bidegurutzeraino, eta han har dezala bakoitzak bere bidea». Duela bost urte, horretarako gaitasunik ez zuen ikusten Nazioen Munduak.

Urrira begira jarrita, Donostian, Miramarren, Euskal Herriko sentsibilitate ezberdineko herritarrekin beste argazki historiko bat atera zuten, urriaren 16ko Unea Iritsi da jaialdiarekin bat eginez. 2012ko apirilaren 21ean Donostian aurkeztu zuten Gazta zati bat dokumentalaren aurrekaria izan zen jaialdi hura.

Autodeterminazio eskubidearen kontzeptua argitzen, zabaltzen eta gizarteratzen ari ziren pixkanaka Nazioen Mundukoak. Itsasondoko Udalak, 1931n sinatutako aktak ere lagundu zuen horretan. Euskal Herriarentzat autodeterminazio eskubidea eskatzen zuen akta zen Itsasondon aurkitutakoa.

XIX. mendearen bukaeran hasi ziren naziorik gabeko estatuak autodeterminazio terminoa erabiltzen, eta Itsasondoko akta mugarritzat hartu zuen Nazioen Munduak. Goierri beheko 18 alkateek bat egin zuten 1931ko akta harekin. Nazioen Munduak testua euskaratu eta ordenadorez idatzi ondoren, Autodeterminazio eskubidea gero eta argiago leloa erabiltzen hasi ziren.

Bigarren urtez ere, Larraitz aukeratu zuten festa aldarrikapen topagunetzat. Autodeterminazio eskubidea gero eta argiago lemapean, Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidearen aldarrikapena, irudi bidez, mundura zabaldu nahi izan zuen Nazioen Munduak. Mosaiko erraldoia osatu zuten 1.300 lagunek Larraizko zelaietan.

Aurtengo autodeterminazioaren Goierriko topagunea Lazkao izango da, Gure esku dago lelopean. Bihar eguerdian hasiko da festa, eta gauera arte luzatuko da.

Etorkizunari begira, erronka handiak ditu Nazioen Mundua herri ekimenak. 2013rako eta 2014rako ekintzak zehazten hasita daude dagoeneko.

Angel Oiarbide: «Gure etorkizuna erabakitzea gure esku dagoela ikusaraztea nahi dugu»

Autodeterminazio eskubidea Eskozian nola bizi duten ezagutu du bertatik bertara Nazioen Munduko Angel Oiarbidek (Idiazabal, 1974).

Autodeterminazio eskubidea gizarteratzen ari da Nazioen Mundua. Azken lau urteotan bilakaerarik ikusi al duzu?
Hemen autodeterminazio eskubidea lokatzetan egon da. Autodeterminazioa, independentzia, bortizkeria… nahastuta egon dira. Autodeterminazioa konfliktoko kontzeptu bat zen, zatiketak sortzen zituena. Hori ez da kasualitatea, estrategia bat da. Eskozian, berriz, naturaltasunez bizi dute eta bertara joan ginen bertako eskema ezagutzera.

Zein ondorio atera zenuten?
Eskozian, inork ez zuen dudatan jartzen erabakitzeko eskubidea, oinarri demokratiko bat delako. Oinarri demokratiko hori erabiliz, gizarteak, norabide bat edo bestea aukeratuko du. Baina hemen dena zegoen nahastuta, hemen ez zegoen hori garbi. Gure asmoa izan da, eskema berri hori hemen txertatzea. Lokatzetatik atera, garbitu eta gizarteratzea da gure lana. Ez da erraza, orain dela 5 urtera arte, bakarrik alderdi politikoen arteko zurrunbilo horretan baitzegoen termino hori, eta gizartea erabat kanpo baitzegoen. Zaila da, zurrunbilo horretan zegoen gai bat hartu, eta kanpora ateratzea.

Gazta zati bat dokumentalak zertan lagunduko du?

Zabalkunderako balio dezakeen tresna bat dela ikusten dugu. Oso gustura gaude. Ikusten ari gara Goierritik kanpoko jende askori ere iristen ari zaiola. Grasa artean daukagun fibra sentsible hori ere ukitzera iristen den tresna bat dela. Euskal Herriko herrietatik ari zaizkigu eskatzen eta nazioartetik ere bai. Goierritar guztion lorpena da; lau urtetan egiteko gai izan garenaren adibide praktiko bat izan da dokumentala.

Aurtengo leloa, Gure esku dago da. Zer dago gure esku?
Gure helburua da ahalik eta jende gehiena aktibatzea, eta ikustaraztea, gure esku dagoela gure etorkizuna erabakitzea. Herri, eskualde, nazio konsziente, sensibilizatu bat aktibo bihurtzen baldin bada, ez gaituzte geldituko, helbururik handienak lortzeko moduan geundeke.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>