Garazi Aizpeolea: «Nik esango nuke goierritarrok badugula dublindarren antza»

Hamar hilabete dira Garazi Aizpeolea (Segura, 1989) Dublinera joan zela. Heziketa fisikoko ikasketak amaitu, eta etxetik irtetzeko zuen gogoa Irlandara au pair gisa joanda ase du. Bertako familia batekin bizi da, eta ostatuaren truke etxea garbitzen eta umeak zaintzen aritzen da. Hilabetearekin batera bukatuko zaio, oraingoz, Irlandako abentura.

Ia bueltatzeko ordua iritsi zaizu. Gogoz edo penaz itzuliko zara?
Egia esan oso gustura nago Dublinen; lagunak eta familia faltan botatzen ditut, baina hemengo bizitza ere asko gustatzen zait. Segurara gustura itzuliko naiz, badakidalako irailean berriz hemen izango naizela.

Zergatik erabaki zenuen Dublinera joatea?
Kanpora joan nahi nuela argi nuen, eta politika kontuengatik Irlandak asko erakartzen ninduen, eta jendea oso atsegina zela esan zidatenez, Dublin aukeratu nuen.

Nolakoa da Dublin?
Hiri txiki bat bezalakoa, edo herri handi baten antzekoa. Hau da, herri bat bezain lasaia da, baina hiri batek duen festa giroarekin. Eguraldiak ez du askorik laguntzen, eta hiri gris bat ematen du, baina bertakoek kolorez betzen dute.

Au pair gisa aritzeaz gain, ingelesa ere ikasten duzu. Zertan da ezberdina Irlandako irakaskuntza eta Euskal Herrikoa?
Irlandan eskola pribatuetan irakasgai guztiak, bat izan ezik, gaelikoz izaten dituzte; eskola publikoetan, berriz, alderantziz. Irlandan, lehen hizkuntza gaelikoa da, baina herritarren %10ak bakarrik erabiltzen du egunerokoan. Euskal Herrian, ordea, eskola publikoetan euskaraz ikasteko aukera dago.

Zein iritzi dute dublindarrek Euskal Herriaz?
Gure kulturarekiko eta bizimoduarekiko interes handia dute. Askotan hitz egiten dut hemengo jendearekin Euskal Herriko egoeraz, eta galdera asko izaten dituzte. Segurako, Goierriko eta inguruetako argazkiak askotan erakusten dizkiet etxekoei, eta beti gogotsu aritzen dira begira.

Zer gustatu zaizu gehien Dublindik?
Giroa eta jendea. Bertako musika entzun daiteke kalean eta tabernetan, eta giro bikaina egoten da. Gazte eta heldu, elkarrekin aritzen dira dantzan, lotsarik gabe, oihuka. Jendea oso atsegina da gainera, beti laguntzeko prest egoten dira. Nik esango nuke goierritarrok badugula dublindarren antza.

Zer eramango zenuke Goierritik Dublinera, eta zer ekarriko zenuke Dublindik Goierrira?
Goierritik Dublinera janaria ekarriko nuke. Izatez, hemen ere badute janari goxoa, baina ez dute prestatzen. Irlandatik Goierrira, berriz, Guinnes garagardoa eta jai giroa eramango nituzke.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>