Jone Beitialarrangoitia: «Gurasoek ausardiaz intuizioari kasu egitea baliatzen du masajeak»

Jone Beitialarrangoitiak (Legazpi, 1978) psikologia ikasketak egin zituen eta, egun, terapeuta da Legazpin. Haurrei masajeak emateko teknikak ikasi ditu, eta zabaldu ere bai Goierrin zehar. Zazpi urte dira jada, Ordiziako euskara zerbitzuaren bitartez, urtebete ez duten seme-alaben gurasoei hitzik ez duen hizkuntza transmititzen erakusten diela. Legazpin hasitako lanari jarraipena eman dio Ordizian.

Masaje teknikatik harantago, egunerokoaren zurrunbilotik urrundu, eta haurrak ukitzean bihotzetik ari diren eskuei bidea egitea proposatzen du.

Haur masajeak, jaioberrientzako musika ikastaroak, umeentzako biodantza eta horrelakoak modan al daude? Ez al da betidanik egin dena gogora ekartzea?
Hau ez da moda bat. Ukitzeko eta miazteko gogoa gure senean dago. Aurreiritziekin ahaztu, eta jarduera honek gurasoek, ausardiaz, intuizioari kasu egitea baliatzen du, eta aurrekoek utzitako jakituria berreskuratzea. Egun, horrelakoak modan jarri direla iruditzen zaigu, artifizialak direla, baina beti egon dira hor.

Indian jatorria duen Shantala masajean oinarritutako teknika erabiltzen duzu. Zer da Shantala?
Indiako emakume baten izena da. Frederick Leboyer ginekologo frantsesak bidaia bat egin zuen Indiara. Calcuttako kaleetan zebilela, emakume bat jaioberri bati masajeak ematen ikusi zuen. Leboyer txundituta geratu zen, eta argazkiak egiteko baimena eskatu zion Shantala izeneko emakumeari. Hura ere harritu zen, bere aurrekoei ikusitako gauzarik ohikoena egiten ari baitzen: haurrari masajea ematen. Ekialdetik mendebaldera ekarri zuen Leboyerrek haur masaje teknika hori, eta Shantala izena jarri zion. Hori guztia, XX. mendearen erdialdean gertatu zen. Gero, Vimala Schneider suediarrak yoga eta erreflexologia teknikak gehitu zizkion.

Gurasoei dagokienez, zeintzuk dira haurrei masajeak ematearen onurak?
Gurasoek itxaropen asko izaten dute. Esate baterako, haurra urduria bada lasaituko denaren esperoan etortzen dira ikastarora. Baina, helburua ez da hori, urduritasunari zein lasaitasunari tokia egitea baizik. Haurrari biak erakusteko aukera emango diogu, kalifikatu gabe, proiekziorik egin gabe. Izan ere, askotan proiektatzen dugu gure umeengan. Galtzak zikinak baditu, besteek esango dutenaz kezkatzen gara maiz. Kalean negar egiten badu, besteen iritziak arduratzen gaitu. Masajeen bidez, umeei begiratzen diegu, eta ispilu batean bezala gure irudia jasotzen dugu.

Modu berdinean ematen al dute masajea amek eta aitek?
Ikastaroetan parte hartzen duten gehiengoa amak dira, baina aitak ere etortzen dira, eta oso aberasgarria da. Haurrek ukitzeko modu ezberdinak sentituko dituzte. Aitek lurrera ekartzen gaituzte, eta amek bihotzera eramaten gaituzte. Bestalde, errespetuzko ukitzeak jasotzen baditugu, aurrerago ukimen ona eta txarra bereizten jakingo du. Gutako gehienok ukimena ez daukagu kodifikatuta.

Masaje saio baten nondik norakoak azalduko zenituzke?
Meditaziorako tarte bat hartzen dugu hasteko. Amei eskegi gabeko arropak ahaztu ditzaten eskatzen diet, eta haurrekin egotea, besterik gabe. Bikotea ez badago ere, bere irudia ekartzeko eskatzen diet, osotasuna lortze aldera. Masajeekin hasita, ez da gauza bera masajeak oinetan ematea edo bularrean ematea. Bularrean ematen direnak emozionalagoak dira, eta haurraren aldetik deskarga moduko bat egon daiteke. Amak ez du deskarga hori itoko, hartu eta jaso baizik.

Ba al dakite 0 eta 1 urte bitarteko haurrek bere gorputzaren muga non dagoen?
Jaioberriek emozioak ez dituzte sentitzen beren gorputz barruan egongo balira bezala. Masajea trantsizioa da. Uste izan dugu, umea bakantzen dela zilbor-hestea mozten diotenean. Haurrarentzat, ordea, loturak irauten du. Bi gorputz eta arima bat, edo bi arima eta gorputz bat osatzen dute amak eta jaioberriak. Masajeak bereizketa egiten laguntzen du, banaketa hori errazten du. Haurrak bere gorputzaren mugaren kontzientzia hartzen du, eta azalaren bitartez bestearen gorputzarekin harremanetan jartzen da. Horregatik, masajeak hasi aurretik, ukitzeko baimena eskatzeko errituala egiten dugu.

Haur masajea beste zerbaitera iristeko bidea al da?
Bai, badira ikastaroan lo hartzen duten haurrak, edota amaren bularretik ateratzen ez direnak. Ez diete masajerik ematen, baina elkarrekin egonez gozatzen dute. Bakoitzaren bizipenetatik abiatuta, anitzak dira azaleratzen diren emozioak.

Adibidez?
Aurki lanera itzuliko diren amen erruduntasuna, esate baterako. Lanean hasten direnean seme-alabei behar beste ez dietela emango iruditzen zaie, eta errudun sentitzen dira. Gure haurrei dena eman nahi diegu, baina lanetik bueltan ere, dena emateko aukera izango dugu. Nolanahi ere, askotan seme-alabekin gauden denboran ere, gelditu ere ez gara egiten. Masajeen tarteak, une batez gelditzeko aukera ematen digu, umeari arreta osoa eskaintzeko parada. Bikotearekin gauza bera gertatzen dela esango nuke.

Ikastaroarekin, sortzen al dira gurasoen artean loturak?
Bakoitzak bere prozesua egiten badu ere, bizipenak komunean jartzeko aukera dute, eta hori da jarduera honen helburua eta emaitza. Benetan polita da, bakoitzak lehenengo eta ondoren elkarrekin, egiten duten bidea ikustea. Pena da gurasoek eta, batik bat, amek elkartzeko espaziorik ez izatea.

Nolakoa da, orduan, ikastaro hauetan parte hartzen duten amen arteko begirada?
Hasieran, adibidez, nabarmen kezkatzen dira haurrak negar batean badaude. Nik lasaitu egiten ditut, eta haurrei negar, orro edo oihu egiteko aukera emango diegula esaten diet. Bitxia da amok nola begiratzen diogun elkarri. Min ematen diguten bizipenak ezkutatzen ditugu, edota, beste muturrean, zaila denaz baino ez dugu hitz egiten. Amen artean nolabaiteko lehia ere badago, bestearengan proiekzioak egiten ditugulako: «Nola egingo ote du ama horrek, aldi berean, etxea txukun edukitzeko, polit egoteko eta umea zaintzeko?». Bat-batean, ikastaroan elkarren ondoan gaudenean, amak izanda ere, hezur-haragizkoak garela konturatzen gara; finean, bakoitzak ahal duena baino ez duela egiten.

Loturarik ba al du honek guztiak ama eta aita perfektuak izateko xedearekin?
Norbaitek esan zuen haur bat jaiotzen denean, ume erreal bat eta ama erreal bat sortzen direla, eta, bide batez, ume ideal bat eta ama ideal bat hiltzen direla. Amatasunak soka luzea dakar. Haurrek ez dute super ama baten beharrik, nahikoa dute ama on batekin. Masajeen bitartez, gurasoak bere buruarekin eta haurrarekin lotzeko aukera dauka.

Masajeekin hasi zinenean ez zinen ama. Orain bai, aldatu al da zerbait?
Bai. Hasieran buruko galbahea pasatzen nion denari. Ama izan eta gero, amatasunak itzalei ere bidea zabaltzen diela konturatu naiz. Duda andana, beldur ugari eta besteak epaitzeko joera handia agertzen dira. Haurrek egia esaten dute. Gure begirada miopea den bitartean, umeen begirada argi-argia da.

Haurrengandik zer ikasi badagoela esan nahi al duzu?
Txikiak direnean ere, prest egonez gero, nahi gabe ere, badugu zer entzun eta zer ikusi. Amatasunak eta aitatasunak ematen duen botere horretatik haratago, gure seme-alaben aurrean ahul, hauskor eta ez perfekto agertzeko umiltasun asko behar da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>