Udako oporrak atzerriko hizkuntzak ikasiz

Gazte askok aprobetxatzen dute uda garaia atzerriko hizkuntza bat ikasteko. Batzuek, herrian bertan egiten dituzte ikastaro trinkoak; beste batzuk, berriz, atzerrira joaten dira. Ione Berasategiren (Zegama, 1989) eta Alazne Oiarbideren (Idiazabal, 1994) kasu da hori. Amerikako Estatu Batuetan daude, Berasategi Georgiako estatuan, eta Oiarbide, Californian. Hilabetarako joan dira biak; Oiarbide uztailaren 28an itzuliko da eta Berasategi, abuztuaren 1ean.

Berasategik beti izan du Amerikako Estatu Batuak ezagutzeko gogoa, eta bere ingelerako irakaslearen bitartez eduki du aurten bere ametsa betetzeko aukera: «Ingleseko eskola partikularretara joaten nintzen Zegaman bizi den familia amerikar batengana, eta beti esaten nien gustura ezagutuko nuela AEB. Aurten aukera izan dut, beraien ezagun batzuen etxera etorri naiz, eta hau zoragarria da. Familia oso jatorra da, guztira zortzi kide dira: sei alaba, aita eta ama», dio zegamarrak.

Oiarbidek ere AEB aukeratu du ingelera ikasteko. Antolatutako bidaian, taldean joan da Californiara, San Francisco ingurura. Taldekide bakoitza familia batean dago, baina eguneko ekintzak elkarrekin egiten dituzte. «Goizero toki desberdinak ezagutzera joaten gara. Gainerako denbora familiarekin pasatzen dugu. Normalean, afari garairako iristen gara etxera, 17:30ak aldera», dio Oiarbidek.

Berasategiren kasuan, egun guztia familiarekin pasatzen du, batetik bestera: «Erosketak egin, igerilekura joan… gauza, ezberdin asko egiten ditugu, eta askotan etxetik kanpo bazkaltzen dugu. Afal ordurako itzultzen gara etxera, oso goiz afaltzen da, arratsaldeko seiak inguruan. Afal ondoa, berriz, lasaitasun momentua izaten da, pelikularen bat ikusi edo eskulanen bat egiteko aproposa».

Lehenengo egunak gogorrak izan arren, ondo egokitu dira goierritarrak. «Lehenengo egunetik oso gustora egon naiz», dio Berasategik. «Gehien kostatzen ari zaidana ingelera ulertzea da, azentu itxia daukate eta beraien artean oso azkar hitz egiten dutenez, askotan galdu egiten naiz, baina gutxinaka gutxinaka ari zait belarria ohitzen», gaineratu du.

Idiazabaldarraren kasuan, hango ohituretara moldatzea kostatu zaio gehien. «Kultura oso desberdina da: goizean oso goiz jaikitzen dira, eta ez dute ia ezer ere gosaltzen; bazkarian ere gauza handirik ez. Garrantzitsuena afaria da. Familia guztia elkartzen den unea da», dio. Euskal Herriaren eta Californiaren arteko ordu desberdintasunak [9 ordu] ere lanak ematen dizkio Oiarbideri, etxekoekin hitz egiteko oso goiz jaiki behar izaten duelako.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>