Puntuak ez galdu nahi

Dionisio Amundarain
Itzultzaiea

Inoiz gertatu izan da eztabaidarik jatorrizko botikaren eta botika generikoen inguruan. Batak, ez direla maila berekoak; besteak, baietz. Batak, bere buruan esperimentatu izan duela maila berekoak ez direla; besteak, farmaziako langileak, baietz, denek esaten dutela hori, oso jakintsu agertu nahiz. Puntuak pilatu nahi?

Duela gutxi, Donostiako Ospitaleko izen handiko espezialista batek gaixoari, buruko gaixoa duenari: «esaiozu familia-sendagileari jatorrizko botika eman behar dizula». Gaixoak: «ez dit eman nahi, puntuak galduko lituzkeela halakoa emanez». Espezialistak: «niri bost axola puntuak; botika horren generikoak badira hamar; denek dute zerbaiten falta jatorrizkoaren ondoan». Zorioneko puntuak!

Josu Uribetxebarriaren auzian, Madrileko auzitegi nazionaleko Carmen Baena auzitegi-medikuaren erabakia ezaguna da. Ez omen da Josurena gauetik goizera hiltzeko gaixotasuna.

Zein du Carmen Baenak Donostiako Ospitaleko sendagile handien iritziaren kontra joateko arrazoia? Arrazoia ala harrokeria? Zein du bere formazioa, bere eskarmentua, espezialista horiei kontra egiteko? Azala ere behar delakoan nago horrelako jarrera bat hartzeko. Azala, eta handia!

Baina tira, emagun baduela arrazoiren bat. Puntuak ez galtzea? Apika. Gorrotoa? Seguruago.

Nolanahi ere jarrera tristea. Urtebete inguruko bizia omen duen baten inguruan horrelakorik? Nago, zentzu komunak ezin duela ulertu hori.

Eta Almeriako beste haren jarrera: esperantza duela Josu goseak hilko dela. Animaliei ere opa ez zaiena, pertsona bati opa izatea. Kirtenkeria handiagorik! Jendearen aurrean puntuak irabazi nahia? Nonahi ere, politiko baten kasua izateko, demagogia izugarria.

Eta, azkenik, biktimen talde batekoen jarrera: Josu aske uzten badute, gose-grebara joko dutela. Benetan, gizakiaren bihotza gauza misteriotsua da. Gorrotoan bizitzea hilik bizitzea ote den nago. Hobeto esan, agian, ez-bizitzea ote den. Garai batean esaten ziguten infernuko egoera horixe izango litzatekeela: gorrotoaren gorrotoz bizitzea (?) edo existitzea (?). Agian, horixe bizi lezake zenbait jendek mundu honetan berean: gorrotoa. Hiltzen ari den pertsona bati etxeko sukaldea ere ez opa izateko adinekoa. Erruki dut horrelako jendea. Bihotz-bihotzez.

Eta Josu? Ez zekiat juxtu ez hire bizitzaren berri. Ez oraingo osasun-egoeraren berri. Nolanahi ere, guztia beharrekoa omen duk oraingo egoera. Opa diat azken egunak etxeko sukaldean eman ahal ditzaan. Opa diat heure barnea bakean izan dezaan. Nahi niake zerbait gehixeago egin. Agian, lagunartean komentatu lerro hauetan aipatu ditudan kasuak. Gaur, igandea, abuztuaren 26a, zerbait egina nauk alde horretatik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>