Igartza Guggenheim bilakatuko da

Museo onenak eraikin zoragarrietan daude (Guggenheim, Louvre, El Prado, Hermitage…) eta beasaindarrek ere artea euren herriko eraikin ederrenera eramatea erabaki dute: Igartza jauregira, hain zuzen ere. Ekimenak Jazpanart! du izena eta Jazpana! jaialdia antolatzen duten gazteek bultzatu dute.

Jazpana! jaialdiaren laugarren edizioa urriaren 26tik 28ra egingo dute Bernedonean. Ekitaldi hori «landatarra eta postomodernoa» da eta hori izango da, hain zuzen ere, Jazpart! ekimenaren izpiritua. Antolatzaileen esanetan ez dago arte berria XII. mendeko jauregi batean erakustea baino gauza «rural postmodernoagorik».

Helburua artista herrikoiek postmodernitatea nola barneratu duten (eta alderantziz) ezagutzea da. Gainera, artea eta musika uztartu nahi dituzte (Jazpana! musika jaialdia baita, batik bat), artelanak gizartera hurbildu, parte hartzea bultzatu, eztabaida sortu eta Igartzari ahalik eta zuku gehien atera.

Horretarako, artelanak biltzen ari dira. Bilketa lana urriaren 2an amaituko da. Jendea parte hartzera bultzatu nahi dute. Edonork parte hartu ahal dezake (bakarka edo taldeka) eta era guztietako lanak aurkez daitezke (instalazioak, bideoak, moda, eskultura…). Artista edo talde bakoitzak bi lan aurkez ditzake, gehienez.

Parte hartu nahi dutenek euren lanaren argazkia eta deskribapena bidali behar dituzte ekintzak@jazpana.com helbidera, urriaren 3a baino lehen. Oinarriak jazpana.com orrian daude. Aukeratutako lanak urriaren 21etik 26ra bitartean erakutsiko dituzte Igartza jauregian.

Garbiñe Irizar antolatzaileak esan duenez, dagoeneko lanak jasotzen hasi dira, baina gehiago espero dituzte, «oporrak izan berri ditugu eta jendeak orain martxa hartuko duela uste dugulako».

Egitaraua
Jazpana! jaialdiaren antolatzaileek hainbat ekitaldi prestatu dituzte Jazpanart! ekimenaren barne.
Inaugurazioa. Erakusketa urriaren 21ean inauguratuko dute (igandea), arratsaldean. Ondoren kontzertua izango da gaztetxean, hori Igartzatik gertu dagoelako.
Hitzaldia. Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederren fakultateko irakasle batek hitzaldia egingo du.
Moda. Bi diseinatzaileren arropak ikusteko aukera izango da.
Bideo-joko erakustaldiak eta performanceak. Horiek ere euren tokia izango dute.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>