Unibertsitateko ikasleak, ikasturtea hasteko prest

Unibertsitateak mundu berri baten ateak irekitzen dizkie gazteei. Ikasturtea hasi da fakultate askotan, eta ikasturte honetarako dituzten asmoak kontatu dituzte lau gaztek.

Jon Urzelaik 22 urte ditu eta Zumarragakoa da. Fisika ikasi du. Azken ikasturtea Mexikon egin du, eta aurten masterra hasi du Leioan. Beñat Agirrezabal zumarragarra, berriz, Ingeniaritza Elektronikoa ikasten ari da Donostian. Hirugarren maila hasi berri du.

Amaia Iturriotz eta Leire Moro urretxuarrak dira eta Bilboko Deustu auzoan bizi dira. Orain egun gutxi hasi dutena bigarren ikasturtea izango dute. Iturriotz Medikuntza ikasten ari da Leioan, eta Moro Negozioen Kudeaketa Bilbon.

Lauetan beteranoena Urzelai da, eta bera izan da hitza hartzen lehena. «Oso gustura nago, dagoeneko karrera bukatu dudalako». Azken ikasturtea Mexikon osatu du, interkulturalitatean murgilduta. «Hemendik alde egiteko eta beste kultura batzuk ezagutzeko gogoa nuen. Oso gustura egon naiz eta, gainera, han ikasketak hemen baino errazagoak dira».

Agirrezabal, oraingoz, ez da horren urrutira joan: Donostian bizi da, bere gurasoek Gipuzkoako hiriburuan duten etxean. Bakarrik bizi da, baina unibertsitate giroa besteek bezainbeste bizi du. Dena den, Gasteizko giroa hobea dela dio.

Iturriotz eta Moro iritzi berekoak dira. «Gasteizen fakultate guztiak hirian bertan daude eta, gainera, elkarren ondoan. Hori dela eta, ikasle gehienak elkarrengandik hurbil bizi dira. Bizkaian, ordea, fakultate gehienak hiritik kanpo daude».

Dena den, ez dira kexu. «Lehen ikasturtean oso gustura ibili gara. Ikasketetan baino, bizimoduan nabaritu dut aldea. Denoi komeni zaigu halako esperientziak bizitzea», aipatu du Iturriotzek.

Guztiak iritzi berekoak dira. Hori dela eta, DBH eta Batxilergoa egiten ari diren gazteei unibertsitatera joatea gomendatzen diete. Aurten unibertsitate ikasketak hasi dituztenentzat ere aholku bat badute: «ez daitezela ikasketez bakarrik arduratu eta goza dezatela hiriek eskaintzen dituzten aukerez».

Eta ikasketak bukatutakoan, zer? Guztiek argi dute ez dela lan munduan sartzeko garairik onena, baina ez dute euren burua estutu nahi. Urzelaik oraindik ez du erabaki zer egingo duen masterra bukatzen duenean, eta gainontzekoek urrun ikusten dute oraindik lan mundua. Oraingoz, unibertsitateak eskaintzen dituen aukerez gozatu nahi dute. Carpe diem.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>