Itsaso Artola: «Karrozagileok barrutik bizitzen dugu Euskal Jai eguneko festa»

Zoze kuadrillako kidea da Itsaso Artola (Zumarraga, 1990). Azken urteetan, Urretxuko Santa Anastasia jaietan Euskal Jai eguneko karrozen desfilean ateratzen den kuadrilletako bat da Zoze. Aurtengoa, desfilean parte hartuko duten zazpigarren urtea da, baina lehenengo aldiko ilusio bera dutela diote.

Nola oroitzen duzu karroza egin zenuten lehen urtea?
Hasi ginenean ez genekien ezer. Arlote kuadrillako mutilak eta guk karroza elkarrekin egin genuela oroitzen dut. Urte hartan Mikel Ibarzabalek, orain karroza ikastaroak ematen dituenetako batek, asko lagundu zigun. Izan ere, ez genekien oso ondo nondik hasi ere.

Eta orain, nola moldatzen zarete?
Lehenengo urteko karroza, azkenean, ondo atera zen, baina urteekin esperientzian irabazi dugu, eta azken urteetakoak hobeak izan dira. Egia esan, urteetako jarduna nabaritzen da.

Nolakoa da karroza amaitu arteko prozesua?
Lehenengo lana, gaia zehaztea izaten da. Kuadrillan bederatzi gara guztira, eta denon artean gai bat zehaztea izaten da lanik zailena. Behin ideia zein den garbi daukagunean, paperera eramaten dugu. Hortik aurrera materialak aukeratu eta irudimena erabiliz karroza egiten hastea bakarrik geratzen da.

Lana, astuna al da?
Egia esan, guk ordu asko sartzen ditugu, baina gustura egiten den lana da. Gainera, karrozagile guztien artean oso giro ona daukagu eta elkarri asko laguntzen diogu.

Karrozen kalitateak behera egin omen du azken urteetan.
Nik, hasierako karrozak nolakoak ziren ez dakit. Egia da, hasi berritan karrozak ez direla hain landuak, baina orokorrean lan asko egiten dela esango nuke.

Iaz, eta orain dela bi urte, zuena izan da karrozarik politena.

Bai, bi urtetan jarraian irabazi dugu, eta ezin da hitzez azaldu sentitzen dena. Egindako lanaren aitortza da nolabait, eta izugarrizko ilusioa egiten du.

Zer da karrozagile batentzat Euskal Jaia?
Festetako egunik onena da. Guk barrutik bizi dugu festa, besteek ez bezala.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>