Ane Irisarri, ‘Xarro’: «Kulturen eta koloreen aniztasuna asko gustatzen zait, eta horrek asko aberasten nauela iruditzen zait»

Ane Irisarri (Beasain, 1987) Beasainen eta Seguran bizi ondoren, Alemaniako Reutling hirian bizi da gaur egun.

Nolakoa da bizi zaren hiria?
100.000 biztanleko hiri handia den arren, hirigunea, herri txiki baten antzekoa da, bertan denek ezagutzen dute elkar eta merkatua dagoen egunetan plaza bizitzaz beterik dago. Leku ederra da bizitzeko.

Ikasten ala lanean ari zara bertan?
Iritsi bezain laster hizkuntza ikasteari ekin nion, hitz bakar bat ere jakin gabe etorri nintzen eta. Orain hizkuntza menperatzen dudanez, lanean ari naiz, baina, hala ere, etengabe ikasten. Hemen nagoenetik gauza ugari ikasi dut, ez alemaniarrez hitz egiten bakarrik; bizitzari eta beste kultura batzuei buruz ere bai.

Zer da Alemaniatik gehien erakartzen zaituena?
Gehien erakartzen nauena ez da kultura alemaniarra, Alemanian dagoen kulturen nahasketa baizik. Alemanian oso azpimarragarria da kultur aniztasuna, atzerritar asko dago, eta bertakoek ez dute inolako arazorik horrekin. Tolerantzia erabatekoa da. Kulturen eta koloreen aniztasun hau asko gustatzen zait, eta asko aberasten nauela iruditzen zait.

Zertara ohitzea kostatu zaizu gehien?
Puntualitate alemaniera: ikaragarri puntualak dira; gehiegi nire iritziz. Behin, trenaren zain nengoela, trena bi minutuko atzerapenarekin etorriko zela jakinarazi zuten, eta nire alboan zegoen andreak esan zuen: «Harritzekoa! Igandea eta berriro ere atzerapenak! Horrelakorik ezin da onartu!». Bi minutu horiek munduaren amaiera zirela zirudien. Nik ezin nion barreari eutsi, andre hura Segurako plazan autobusaren zain itxaroten imaginatzean! Planak ere astebete lehenago egiten dituzte.

Badute goierritarren antzik?
Hasieran oso hotzak dirudite, baina denborarekin, ezagutu ahala, ez dira gugandik oso ezberdinak; apur bat langileagoak akaso!

Zeren falta nabari duzu?
Poteo garaiko giroa plazan eta euskararen soinua belarrietan. Eta noski, nola ez, familia eta lagunak ere bai.

Noiz arte geratuko zara Alemanian?
Momentuz hemen geratu nahi dut, Alemaniak oraindik asko eman diezakedala sentitzen dut, eta hala den bitartean hemen geratuko naiz. Etorkizunean beste herrialde batzuk ezagutu nahiko nituzke; Argentina eta India gehienbat.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>