Ainhoa Aierbe: «Maite edo gorrotatu daitekeen hiria da Mosku, baina, ez du inor epel uzten»

Ainhoa Aierbe (Beasain, 1988) Errusiako hiriburuan, Moskun, bizi da gaur egun. Aurrez ere bi hilabetez egon zen Errusian, baina oraingoan denboraldi luzexeagorako joan da errusiarrei euskaraz irakastera.

Nolakoa da Mosku?
Harrigarria. Kontraste handiak ditu, bai gizarteari dagokionez, baita hiriaren itxurari dagokienez ere. Hiri handi batek dituen alde onak eta txarrak ditu, noski. Jende mota ugari topa dezakezu, nahi duzun giroan mugitu zaitezke, baina, askotan nekagarria ere izan daiteke. Harremanak ez dira horren estuak, bizi erritmoak ez dauka Goierrin dugunarekin zerikusirik… Maite edo gorrotatu daitekeen hiria dela iruditzen zait, baina, ez du inor epel uzten.

Zer egiten duzu Errusian?
Euskara irakasten dut Moskuko Lomonosov unibertsitatean. 2011an Etxepare Euskal Institutuak deialdi publikoa egin zuen atzerriko hainbat unibertsitatetan euskara irakasteko irakasle bila. Nik Errusiara etorri nahi nuenez, nire proiektu pedagokikoa prestatu eta proba egitea pentsatu nuen. Institutuak berak hiru hautagai aukeratu zituen eta ondoren, unibertsitateak ni aukeratu ninduen. Eta horretan nabil orain!

Zenbat denborarako joan zara?
Hiru urtarako kontratua dut, baina iaz etorri nintzen lehen aldiz, beraz bi urte baino ez zaizkit geratzen.

Erraza egiten al zaie ikasleei euskaraz ikastea? Eta, zer dela eta hasten da errusiar bat euskaraz ikasten?
Ikasle asko filologia edo linguistika ikasketetatik datoz, beraz, erraz ulertzen dituzte hizkuntzari dagozkion ezaugarriak. Gainera, errusieraz gain bigarren hizkuntza bat ikasten dute normalean, beraz, beste hizkuntza sistema batzuk ere ezagutzen dituzte. Dena den, badira Euskal Herrian egon ondoren euskara ikastea erabaki duten ikasleak edo, besterik gabe, hizkuntza bitxi eta desberdin bat ikasteko asmoz izena ematen dutenak. Unibertsitatetik kanpo, euskara ikasteko arrazoi nagusiena lana izan ohi da, Euskal Herriko enpresaren batekin harremana dutelako edo beraientzat lan egiten dutelako.

Zer antzekotasun eta desberdintasun ikusi duzu Errusiako eta Goierriko jendearen artean?
Errusiarrak, ezagutzen dituzun unean, nahiko hotzak direla iruditzen zait eta euskaldunok, neurri batean, antzekoak garela uste dut. Errusiar bat adiskidetzat baduzu, benetako laguna izango da, baina, lehen kontaktuan nahiko itxiak izan ohi dira. Hori da behintzat nik bizi izan dudana. Desberdintasunen artean, bi gizarteek duten bizimodua nabarmenduko nuke. Moskun, denak dabiltza alde batetik bestera, metroan gora eta behera, beti orduaren menpe. Nik uste, Euskal Herrian bizimodu lasaiagoa daramagula, estres gutxiago, aisialdi gehiago…

Hotza ez da halanolakoa izaten. Oso gogorra al da negua Moskun?
Okerrena iluntasuna da. Arropa egokia jantziz gero, hotza jasangarria dela iruditzen zait. Baina, iluntasunarena beste kontu bat da.

Goierriko zer somatzen duzu faltan?
Lagun arteko giroa,Euskal Herriko jaiak eta gertutasuna. Ordu erdi libre izan, lagun bati deitu eta berarekin gelditzeko aukera hori ikaragarri ematen dut faltan. Hemen distantziak izugarriak dira, beraz, ez duzu horrelakorik egiteko aukerarik.

Zer ekarriko zenuke Goierrira?
Moskuk, edozein hiri handik bezala, eskaintzen dituen aukerak, dela aisialdirako, dela lanerako… Eta jendeak atzerriko hizkuntzak ikasteko duen grina.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>