Nire maitalerik onena: liburu bat

Antxiñe Mendizabal Aranburu
Idazlea

Cincuenta sombras de Grey eleberriaren azalean dioen bezala, «Bai, jende guztia hitz egiten ari den trilogiari» buruz hitz egin nahi dut nik ere. Argumentua bi hitzetan laburbilduko dut: Christian Grey gizon gazte ikaragarri aberats bat da. Bere harreman sexualak aldikako maitaleekin adosten dituen isilpeko kontratuetan oinarrituta daude, non jasotzen den Grey jauna bere maitalearen jaun eta jabe izango den. Kontratuaren bi puntu aipatuko ditut bere horretan: «Larrua joko dizut nahi dudanean, nahi dudan bezala eta nahi dudan lekuan/ Zigortu egingo zaitut nik nahi bezala jokatzen ez duzunean, zu zigortuz hartzen dut atsegin». Halako batean, Grey jaunak Anastasia Steel izeneko gazte xarmant bat ezagutuko du, sexuan estreinatu gabea. Sorginkeriaren batek harrapatua bezala erakartzen du Anak, eta, jakina, Ana, zeharo liluratuta, Grey jaunaren besoetan erortzen da. Grey jaunak Anari bere kontratu horietako bat sinatzea proposatzen dionean, eleberriak beste bide bat hartuko du, eta orduan hasten da bikotearen sexu-jolas sadoen kontakizun amaiezina.

Eleberriaren paragrafo gehienak sexu-jardunen deskribapen hutsa dira, testua bera ia eskuliburu bat bihurtzeraino. Narrazioaren erritmoak, estiloak, hizkuntza baliabideak ez dute aipamen berezirik merezi. Liburu honetan ez dute inolako garrantzirik; testua fantasia elikatzeko bazka da batez ere. Irakurlea agudo konturatuko da, beraz, ez duela zertan testua oso-osorik irakurri; hobe aldikako saltoak egin eta zuzenean muinera jotzea.

Horrela, ba, aitortuko dut saiatu naizela eleberriaz gaizki esaka aritzeko argumentuak topatzen; baina argitaletxearen eta idazlearen aldeko zenbait gogoeta egitea beste erremediorik ez daukat.

Editoreen alde esan beharra daukat liburuaren kontrazalean jarri eta erosteko gogoa pizten duten esaldiak asmatzen iaioak izan direla. Hona hemen perla horietako batzuk: «Liburu hau irakurtzeak sexy-ago sentiaraziko zaitu». Beste hau benetan aintzat hartzekoa: «Senar-emazte askoren arteko su-garra pizten ari den eleberria». Baina benetan esaldi erabakigarria hau da: «Estatu Batuetako emakumeen artean iraultza sortu duen nobela erotikoa». Beraz, zorionak Fifty Shades Ltd. argitaletxeko editoreei, eta batez ere, promozio taldeari.

Bestalde, idazlearen alde esan nahi dut liburu honek lortu duela emakume guztiok gure subkontzientearen zoko ezkutuan daramatzagun mirabe sexuala eta printzesa, biak batera, esnatu eta, eskutik hartuta, paseatzera ateratzea. Ezin beti emakume perfektu eta politiko zuzenak izan; batzuetan komeni da gure alderdi ilunek argia ikus dezaten, gehiegitxo itoz gero, gure baitan eztanda egiteko arriskua baitute.

Bukatzeko, apunte txiki bat Grey saila izendatzeko «pornografia amatxoentzat» adiera asmatu duen kazetariaren alde. Benetan burutsua eta probokatzailea iruditu zait.

Argitaletxeak honezkero beteko zuen bere helburua: negozio erabatekoa. Espainian, esate baterako, eleberria ekainean salgai jarri zenetik, gehien saldu den liburua da, eta Euskal Herrian ez gara oso urruti ibiliko. Hizkuntza eskubideak berrogei hizkuntzatara saldu dituzte. Euskaraz argitaratua izan dadin ere saiatzen ari dira. Idazlea ere pozik egongo ahal da; dirua eta ospea irabazteaz gain, berak esana da jendea, taburik gabe, kitzikatzen duten sexu-jolasak egitera bultzatzeko idatzi duela trilogia. Eta badago zer ikasia, bai horixe.

Beraz, trilogiaren aldeko argumentuak besterik ez dauzkat, aipatzeke uzten badut, nire ustez, eleberria benetan txarra dela, eta arriskutsua ere izan daitekeela. Emakume heldu batek atsegin hartu dezake liburua irakurriz. Bizitza fantasiaren gainean eraikitzeko tentazioa izan ohi duten emakume heldugabeak, ordea, adi ibili daitezela. Eta gaitz hori ez da askotan nerabezarora mugatzen.

Izan ere, literaturak, balekoa izan dadin, arau batzuk aintzat hartu behar dituen bezala, bizitzak ere baditu bereak: errealitatea, fantasiaren gainean eraikiz gero, frustrazioak eta kalteak ekarri ohi ditu, eta errealitateak, literaturak ez bezala, egiaren antza izatea ez da aski; bizitzak egiazkoa izan behar du, geure baitan ekaitz ikaragarriak sortu nahi ez baditugu. Sexuarekin beste horrenbeste gertatzen da: egiazkoa beti da fantasiazkoa baino hobea. Baina, tira, norberak bizi dezala bere bizitza eta sexua askatasun osoz. Horretarako daude isilpeko kontratuak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>