Ibon Iraola New Yorkeko bizimoduan murgilduta

Duela hamar urte joan zen Ibon Iraola AEBra, Washingtonera bizitzera; gaur egun, New Yorken bizi da. Publizitate arloan lan egiten du Ibon Iraolak (Itsasondo, 1980). Amerikara joan aurretik, Madrilen aritu zen lanean gobernuarentzako, politikarientzako eta GKEentzako kanpainak prestatzen.

Beste asko bezala, New Yorkera joan zen astebete pasatzera. Asko erakarri zuen AEBetako hiriak, eta harrezkeroztik, beti izan zuen buruan egunen batean New Yorkera lanera joatea.

Asmoa egi bihurtu zen eta duela hamar urte Iraola AEBra joan zen bizitzera, Washington hiriburura. «Washingtonen guztia gobernuaren inguruan mugitzen da; GKE asko ere badaude, han lortzen baitute dirua».

Publizitate komertzialaren alorrean lan egitea zuen Iraolak hurrengo erronka: «New Yorkera joatea niretzat obsesio bihurtu zen». Amets hura ere bete zuen; duela bi urte eta erdi New Yorken lana aurkitu eta hara joan zen bizitzera. «Lan aldetik, publizitatean diharduten enpresa txiki ugari ari dira irekitzen; agentzia handienak ere hemen daude, marketin soziala egiten dutenak… Gainera, enpresek diru asko jartzen dute kanpainetan», dio Iraolak.

Hiri bizia da New York. Kulturalki, eskaintza zabala dago, «beti daukazu zerbait egiteko aukera». Erosketak egitea ere beste aukera bat da. «Shopping (erosketak) egitera joatea paseatzea bezala da. Munduko denda guztiak daude. Bakarrik ez naiz joaten, baina bisitan norbait etortzen zaidanean, orduak pasatzen ditugu dendetan. Askotan paseatzen eta hitz egiten joaten gara dendaz denda. Hemen, sozializatzeko beste modu bat da», dio itsasondoarrak.

Estatubatuarrak oso «irekiak» direla ere badio. «Kalean norbaitengana hurbilduz gero, oso hiztunak dira. Kanpoko azentua entzutea gustatzen zaie». Euskal Herria ezagutzen duen norbait topatuz gero galderak egiten hasten zaiola azaldu du.

Hori bai, jendea presaka bizi dela azpimarratu du Iraolak. «Kaletik beti dabiltza presaka, eta, azkenean, zu ere horietako bat bihurtzen zara. Norbait nora ezean badago kalean, edo itxaroten ari bada, jendeak bultza egingo dio».

Erritmo azkar hori oso gustuko du Iraolak. «Hemen esaten dute beti on the go ibili behar duzula; inoiz ezin zara gelditu». Asteburuetan, halere, lasaiago ibiltzen dira. «Ohitura da astebukaeran brunch-a jatera joatea lagunekin. Gosariaren eta bazkariaren arteko zerbait da brunch-a».

Gustura bizi da Iraola New Yorken baina argi dauka ez dela betirako hiria. «Baina aukera izanda, merezi du denbora batean hemen geratzea». Egunen batean itzuliko dela dio, «baina ez dakit Euskal Herrira izango den, Ordiziara, Donostiara edo, bestela, Madrilera joango naizen». Ekonomia krisiaren albisteak ere gertutik jarraitzen ditu. «Beldur pixka bat ematen dit, baina AEBetan ere izan genuen beste krisi bat zuek ondo zeundetenean. Horkoa ere pasatuko da», azaldu du.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>