Itsasondo lauan

Herrigunearen bizkarreko meategi eremuan gora Ioiako lautadara, aldapa bezainbeste atsegin gordetzen da. Itsasondok, herrigunea haranaren hondoan baldin badauka ere, mendiarteen ospeletik gorago baditu goialde ederrak. Ioia baserrien parajea, adibidez. Zelai berde zabalak, Aralarren eta Larrunarriren sudurraren parez pare dauden mendi-gain masail leunak.

Itsasondoko plazatik abiatuko gara oinez. Birak, ondorengo begibista atsegingarrien neurri bereko ahalegina eskatzen du lehen bi kilometroetan. Ibarretik Murumendi aurreko goietara 470 metroko desnibela gainditu beharra dago.

Txangoa asfaltozko bideari jarraituz egin liteke, sigi-sagaka. Bestela, baserri arteko garai bateko bidezidorrei jarraituz, zuzenean. Bidean aurkituko ditugu, besteak beste, Izarre, Iraolaetxeberri edo Agarre basetxe zaharrak, gorago Artetxe.

Antenak iparrorratz gisa hartuta, asfaltozko bidea Urkiko bidegurutzean bukatzen da. Handik gora, zementuzkoak segitzen du.

Ioiara iritsi aurretik, pagadi eta haritz sendoz zipriztindutako larre lasaiak daude. Ioia bien tartean, berriz, urmaela dago.

Bi haranen muga-lerroa da gainaldea. Ioiatik atzera Iraolaetxeberrira jaisteko, bira Sarobe baserritik eta Izarreko bordatik barrena borobildu liteke. Beheraxeago, Izarreko meategien aztarnak bisita litezke.

Gainez gain, edonorantz joateko paraje aproposa da. Murumendi, Urkia auzoa, meategiak eta arbeldegiak… Antzinako abelbidearen xarmarekin.

Ioiako gainetara
Luzera: 6 kilometro
Denbora: 3 h.
Altuera max: 604 metro.
Desnibela: 471 metro.
Zailtasuna: Ertaina.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>