Baratzetik azokara

Anttoni Murgiondok bizitza osoa darama baserrian lanean. Gaur egun Goierriko baratze handienetakoa du eta Legazpiko, Ordiziako eta Zumarragako azoketan izaten da.

Anttoni Murgiondo (Mutiloa, 1947) Agitta etxean jaio zen eta Gabiriako Bekoetxe baserrira ezkondu zen. Beti baserrian lan egin du eta «azkenak bertan eman» nahi ditu. Egun hauetan datorren asteko Santa Lutzi azokara –hilak 13– eramateko produktuak prestatzen ari da.

Bere ama zena, Emeteri Alustiza, Ordiziako eta Legazpiko azoketara joaten zen, eta harekin ikasi zituen merkatuetako nondik norakoak. «Amak Ordiziara untxiak, sagarrak eta intxaurrak eramaten zituen batik bat. Legazpira, berriz, barazkiak eta sagarrak». Oilaskoak eta arrautzak ere saltzen zituztela gogoratzen du. Lanik ez zuten falta, eta gaur egun ere berdin jarraitzen du nekazarien egunerokoak. «Baserrian lana sekula ez da falta. Gogoa duenarentzat, beti dago zer egina».

Senarraren baserrira ezkondu eta seme bat eta bi alaba izan zituzten. Alaba gazteena –hiru seme-alabetan txikiena– oraindik txiki samarra zela, baratzean serio hastea erabaki zuen. Murgiondok ez zuen goi mailako ikasketak egiteko aukera izan, baina batzuek ez dute Ekonomia edo Enpresa ikasketak egin beharrik negozioak egiten ikasteko. Berezkoa dutenarekin eta etxean ikasitakoarekin nahikoa dute.

Hala, egun, eskualdeko baratze handienetakoa gobernatzen du Murgiondok, familiaren laguntzarekin. Etxean ekoitzitakoa lau azokatan saltzen du: Goierrin Legazpiko, Ordiziako eta Zumarragako azoketan jartzen du postua, eta baita Aretxabaletan ere (Gipuzkoa). «Azokara urte guztian joan beharra genuela ikusi nuen, bezero finkoak lortzeko. Bestela, udatik negura bezeroak galdu egiten nituen».

Pixkanaka, baratzea eta inguruak ere atontzen eta beharretara moldatzen joan da urteekin. Pauso horietan lehena negutegia jartzea izan zen, eta bertan hazitako guztia saltzen zuenez, bigarren bat ere jarri zuen. Gaur egun, lekak, tomateak, zerbak, letxugak, espinakak… saltzen ditu Agirre-Murgiondo sendiak. «Denetik» saltzen du. «Zenbat eta gauza gehiago eraman azokara, hobe. Jendeak barietatea nahi du», azaldu du.

Sagarrondoak ere badituzte, eta zehazki zenbat dituzten ez badaki ere, sagarrak biltzerakoan ez direla gutxi ondo asko daki: «Asko ditugu. Biltzeko garaian behintzat, lan asko ematen dute. Melokotoiak eta intxaurrak ere baditugu. Urrak, berriz, gutxi, jendeak gutxi eskatzen baititu».

Orain urte batzuk arte senarrak banketxe batean lan egin zuenez, berak zuen baserriko ardura ia guztia, baina erretiratu zenetik, etxean eta azoketan laguntzen dio senarrak. Bere lana oso gustuko du Murgiondok eta konturatu gabe ur handitan sartu zela onartu du. «Uzteko eguna heltzen denean, pena handia hartuko dut». Hiru seme-alabek etxetik kanpo lan egiten dute, eta une hori iristen denean zer egingo duten ez daki. «Oraingoz, laguntzeko prest daude. Gero, erabakia hartu beharko dute».

Baserritarraren lanbidea oso lotua dela eta «ordu asko» eskatzen dituela badaki. Uda honetan, adibidez, ureztatzen lan handia izan dute. «Uda oso lehorra izan da, baina Jainkoari eskerrak, baserrian iturburua dugu. Ondo moldatu gara, baina guk bota behar izan dugu ura, goitik botatzen ez zuelako”.

Ahalegin horrek guztiak, ordea, azokan jasotzen du saria, eta jendearekin hartu-emana oso gustukoa dute etxeko guztiek. «Baratzeak azoka behar du, bestela alperrik ari gara. Eta salmenta zuzena gauza oso polita da. Jeneroa saltoki handietara eraman ezkero, ez digute ez dirurik eta ez eskerrik ematen. Azoketan, berriz, prezio hobean saltzeko aukera dugu, eta jenero guztia saltzekoa, gainera!».

Murgiondok lau azokatan saltzen ditu Bekoetxeko produktuak: astelehenetan Aretxabaletan, asteazkenetan Ordizian, ostiraletan Legazpin eta larunbatetan Zumarragan. 26 urte daramatza herri horietako azoketara joaten.

Lauetan ospetsuena Ordiziakoa da, baina berak besteak nahiago ditu. «Aretxabaletan Ordizian baino gehiago saltzen dut. Izan ere, han ni naiz baserritar bakarra. Legazpin eta Zumarragan ere Ordizian adina saltzen dut». Azoka bakoitzak, ordea, bere ezaugarriak dituela azaldu du: «Ordiziara kanpoko jende asko etortzen da eta horiek beti erosten dute berezia iruditzen zaien zer edo zer: sagar onak, intxaur onak… Badago Donostiatik etortzen den jendea, baina saltzaileak asko gara».

Legazpin, berriz, lau baserritar egoten dira, eta dena saltzen omen dute. «Goiko auzokoetakoek azoka urrun samar dute, baina gerturatzen direnak erosteko asmoz joaten dira». Zumarragakoa larunbat goizetan izaten da eta «horrek, gazte jendea erakartzen du». Lau horiez gain, ez du azoka gehiagotara joateko asmorik. «Ezin dut! Etxea ere eraman behar da!», dio.

Baserritarren lana oso gogorra den arren, garai batean baino samurragoa da orain Murgiondoren ustez. «Umea nintzenean biderik ere ez zegoen eta oinez joaten ginen herrira, jeneroa bizkarrean hartuta. Mutiloan autobusa hartzen genuen. Euria egiten bazuen, bustita eta lokatzez beteta heltzen ginen. Ez genuen aldatzeko arropa eramateko aukerarik, noski. Eta arropa egungoa baino okerragoa zen! Gustura hartuko genituen egungo berokiak!».

Baserriari berari dagokionez, hobekuntza nagusia traktorea izan zen mutiloarraren ustez. «Aitzurrarekin ezin ziren egun ereiten ditugun lur sailak erein, eta baserri guztietan ez zituzten idiak». Garai bateko baratzeak egungoak baino txikiagoak zirela gogoan du, eta «landare lurduna ere oso onuragarria izan da», dio. Sustraiekin bakarrik etortzen zena ihartu egiten zen uda lehorretan, eta neguan, hotzak ekiditen zuen ekoizpena. «Negutegiari buruz zer esan! Izugarrizko aurrerapena izan zen. Lehen, neguan ez genuen letxugarik, zerbarik, espinakarik, borrajarik… Horiek guztiak hondatu egiten ziren izotzarekin».

Baratzea du gustuko Murgiondok, baina ganaduaz ez du ezer jakin nahi. «Ni etorri aurretik, baserri honetan esnea saltzen zuten, baina egun, ganaduak ez du etekinik ematen. Baratzean, berriz, lana egiten duenak etekina lortzen du». Etekina saritan jasotzea zer den ere badaki mutiloarrak, hamaika sari jaso izan baititu santalutzitan, santomasetan, Ordizian… Saririk pozgarriena bezeroen esker ona du.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>