Iftikhar Ahmed: «Lan egiteko irrikatan nago, baina ez dut ezer aurkitzen: egoera oso txarra da»

IftikharIftikhar Ahmed (Pakistan, 1957) Kaxmirrekoa da.  Indiaren eta Pakistanen artean zatituta dago Kaxmir. Txinak ere kontrolatzen du Kaxmir zati bat. Bere herrialdea «oso polita» dela dio. Duela urte batzuk handik alde egin behar izan zuen, bizimodu hobe baten bila. Errioxan lan egin zuen eta, krisia gogor jotzen hasi zenean, Euskal Herrira etortzea erabaki zuen. Olaberrian bizi da, Izarra etxean, emaztearekin, bost seme-alabekin eta Pakistango beste familia batekin batera.

Zertan lan egiten zenuen zure jaioterrian?
Arropa lantegi batean lan egiten nuen. Han egindakoa mundu osoan saltzen da. Lan oso gogorra zen.

Zergatik erabaki zenuten Kaxmirretik joatea?
Lanaren gogortasunagatik joan ginen, bizimodu hobe baten bila.

Nora joan zineten?
Errioxara joan ginen, duela zazpi urte. Logroñon bizi ginen. Bertan denetik egin nuen: nekazaritzan aritu nintzen (mahatsa eta patata biltzen), etxegintzan ere bai… Hango egoera asko okertu da eta Euskal Herrira etortzea erabaki genuen. Dena den, oraindik ez dut lanik. Lan egiteko irrikan nago, baina ez dut ezer aurkitzen. Gurekin beste familia bat bizi da eta eurak egoera berean daude. Edozer egiteko prest gaude. Curriculum pila bidali dugu, egun osoa lan bila ematen dut… baina egoera oso-oso txarra da.

Noiz iritsi zineten Errioxatik Olaberriara?
2012ko urriaren 1ean. Hemen egoera Errioxan  baino hobea dela uste dugu. Han enpresa asko itxi dituzte.

Oraindik lanik aurkitu ez duzuen arren, Olaberrian gustura al zaudete?
Bai. Jendea oso jatorra da eta Olaberria herri oso lasaia. Gure arazo bakarra lan falta da. Lana lortutakoan, gure bizitza bikaina dela esan ahal izango dugu.

Zenbat lagun bizi zarete zuen  etxean?
Guk bost seme-alaba ditugu eta gure lagunek bi. Beraz, hamaika lagun bizi gara bertan.

Zein eskolatara joaten dira zuen seme-alabak?
Beasaingo Lizeora joaten dira, eta dagoeneko euskara ikasten ari dira. Nik ere euskara ikasteko asmoa dut. Ikastaroa otsailean hasi behar dela uste dut.

Seme-alabak gustura bizi al dira hemen?
Bai. Olaberria asko gustatzen zaie. Aisialdian beste pakistandar batzuekin elkartzeko ohitura dugu. 40-50 bat gara.

Ez al duzue herriminik?
Ez, hemen oso ondo gaude. Guztiok elkarrekin gaude eta hori da garrantzitsuena.

Zuen herrialdea duela zazpi urte utzi zenuten. Itzultzeko aukerarik izan al duzue?
Behin bakarrik itzuli gara. Zazpi lagun gara eta bidaia oso garestia da. Duela lau urte izan ginen azkenekoz Pakistanen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>