Igor Urzelai beasaindarra taula gainean dantzan

Igor Urzelai2Dantzaria da Igor Urzelai Hernando. Dantza garaikidea egiten du eta Londresen bizi da gaur egun.

Igor Urzelaik (Beasain, 1983) Batxilergo ikasketak bukatu eta medikuntza ikasketak egiteko asmoa bazuen ere, 18 urte zituela, udan Madrilera joan zen antzerkigintzako ikastaro bat egitera. Harrezkeroztik Beasaina ez da askotan itzuli. «Azkenean medikuntza ikastera bueltatu partez Madrilen geratu nintzen arte dramatikoa eta dantza ikasten», dio Igor Urzelai beasaindarrak.

Txikitatik izan zuen harremana Urzelaik dantzarekin; Beasaingo Ostadar eta Aurtzaka dantza taldeetan egin zituen lehenengo dantza pausoak. Madrilen antzerkigintza ikasten ari zen bitartean, Real Conservatorio Superiorren onartu zuten. «Bertan hasi nuen nire dantza garaikideko formakuntza, egunero ballet, garaikide, inprobisazio eta koreografiako klaseak jasoz».

Bost urte egin zituen Madrilen eta dantza arloan gehiago sakondu nahian, Londresera joan zen. The Placen-en beste hiru urteko ikasketak egin zituen. «Han ikasketak bukatu eta bertan dantzari lanetan hasteko aukera izan nuen». Aldi berean «ahal bezain beste ikastarotara joan nintzen, eta hainbat dantzarirekin eta koreograforekin ikasteko aukera izan nuen, Bruselan, Parisen eta Amsterdamen». Gaur egun ere Londresen bizi da, nahiz eta lanagatik asko bidaiatu behar izaten duen.

Igor UrzelaiAzkenengo hiru urteetan koreografo bezala ere aritu da Bloom! kolektiboarekin lanean. «Ikasketak amaitu eta gero Europar Batasuneko finantzazioa lortzeko zortea izan genuen; honi esker gure lehen ikuskizuna ekoiztu genuen Budapest eta Londres artean», argitu du. Azken hiru urteetan lan ugari sortu eta dantzatu dituzte Europako hainbat eskenatokitan. «Aurten lehenengo aldiz Estatu Batuetan izan gara gure lana aurkezten. Orain Moreno Solinas-ekin batera lan berria entsaiatzen ari gara, taldetik independizatuta». Londresen Hiru Dantza Organizazioa ere sortu zuen Londres, Sardinia eta Euskal Herri artean harremanak ireki eta sendotzeko asmoz, «hiru lurralde hauen artean dantza bultzatzeko».

Ikuskizunekin «dantza (edota artea orokorrean) entretenimendu hutsa baino gehiago dela aldarrikatzea gustatzen zaigu gure lanetan». Horretarako, dantza oinarri hartuz, mugimendua, textuak, irudiak, musika… pareko garrantziarekin lantzen dituzte beti, umorea eta sentimendua nahastuz ikuskizun berean. «Kulturak rol garrantzitsua du garapen sozial eta politikoan; komunikazio modu bat da eta ondo pasatzearekin batera etorritakoei zer pentsa eskaintzea espero dugu modu konstruktiboan».

Munduko hainbat tokitako oholtzetan dantzan ari bada ere, oraindik ez du aukerarik izan Euskal Herrian aritzeko. «Orain ikuskizun berri bat prestatzen ari gara eta ea hau hemen dantzatzeko aukera dugun», dio. «Euskal Herrian dantza tradizionala agian baloratuago dago. Dantza garaikidearen ezagutza ez dago oso zabaldua Euskal Herrian. Dantza garaikidea bidea egiten ari da hemen pixkanaka, baina oraindik laguntza eta aukera asko proiektu tradizionalagoetara zuzentzen dira. Hauek ere behar dira, noski baietz, baina denean bezala oreka bat behar da. Oraindik lan asko dago egiteko erakundeen zein ikuslegoen aldetik, dantza garaikidea bultzatu, dinamizatu eta ezagutzera emateko».

Dena den, Euskal Herrian dantza garaikidearentzako gero eta aukera gehiago dagoela dio. «Orain aukera gehiago dago Euskal Herrian, eta elkarte profesionaletan gogor ari dira lanean. Dantza giroa sendotzen ari da pixkanaka». Hala ere, «oraindik ez dago formazio zentro nagusirik Euskal Herrian, eta lanean aritzeko oraindik kanpora joan behar dugu maiz», gaineratu du.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>