Zubi azpiko bizimodua

Zubipeko_errumaniarrak(1)

Beasainen, autobidearen zubi azpian, ijito errumaniarrak bizi dira. Beasainen eta inguruko herrietan bildutako materialekin, beraien etxeak eraiki dituzte. Euretako batek, Florin Rupa gazteak, euren bizitzari buruz hitz egin du.

Hiri handietan ez ezik, Goierrin ere badago jaio denetik pobrezia besterik ezagutu ez duen jendea. Pobreziatik irteteko itxaropenik ez duena. Beasainen, trenbide ondoan eta autobidearen azpian, bizi diren ijito errumaniarrak, adibidez. Urteak daramatzate Beasainen, baina gizartearen gehiengoak ezer gutxi daki eurei buruz. Beraietako batek, Florin Rupak, bere txabolako ateak ireki eta beraien egunerokoa azaldu du.

Autobide ondoko auto kontzesionarioetara doan bidetik heltzen da ijito errumaniarren «herrixkara». Txoko batean daude, erreka ondoan, zubi azpiko gainontzeko lursaila hesitu egin zutelako.

Bertara heltzeko koska batzuk igo behar dira. Kontuz ibili behar da, irrist egin eta lau bat metro beherago dagoen errekara erori nahi ez bada. Txatarra biltzen dute dirua lortzeko, baina beti gelditzen da norbait txabolak zaintzen. Euren txokora gerturatu bezain pronto, Rupa azaldu da. Bera da gaur goizean zainketa lanen arduradun. Galderak erantzuteko eta bere bizitokia erakusteko prest agertu da, adeitsu. Ez da erraza berarekin komunikatzea, euskaraz ez baitaki eta bere gaztelera trakets samarra baita. Izena idaztea ere nahiko kostatu zaio.

Bere erantzunak motzak dira, beharbada gaztelera ondo menderatzen ez duelako edo agian bere etxean bisitariak hartzera ohituta ez dagoelako. Zubi azpian bizi diren guztiak ijito errumaniarrak direla aipatu du. Cluj hiritik etorri ziren Euskal Herrira. Errumaniako bigarren hiri handiena da, 300.000 biztanlerekin. Ipar-Mendebaldeko hiri garrantzitsuena da, industria eta unibertsitate gune garrantzitsua, baina Euskal Herriko egoera hobea dela dio. Horregatik erabaki zuen Euskal Herrira etortzea, duela zortzi urte. 22 urte ditu eta amarekin eta bi anaia-arrebekin bizi da. Aita hil egin zen.

Errumanian hemengo moduan bizi zirela dio. Beasaingo zubi azpia toki egokia da txabolak egiteko. Izan ere, lurra laua da eta euritik babestuta daude. Dena den, garai batean ijito errumaniar gehiago bizi ziren bertan. Autobidearen azpialdearen zati handi bat hesitu egin zuten, eta erreka ondoan dagoen txokoa bakarrik dago libre. Bertan, 14 pertsona bizi dira. Gabonetan, gutxiago egon dira. Euretako batzuk Errumaniara itzuli dira egun hauek familiarekin pasatzera.

DCF 1.0Izan ere, ortodoxoak dira eta Gabonak ospatzen dituzte. Ruparen familia, ordea, Beasainen gelditu da: ez zuten jaioterrira itzultzeko dirurik. Beasaingo zubi azpian pasatu dituzte egun hauek. «Txaboletan sua piztu dugu, hotza egin duelako, eta abestu egin dugu». Bazkariak eta afariak bereziak izan dira. «DIAra joan gara erosketak egitera eta indabak, haragia, patatak… jan ditugu».

Edariari dagokionez, autobide azpiko txaboletan ez da alkohola edatea komeni: errekara erortzeko arriskua dago. «Behin gutako bat mozkortu egin zen eta errekara erori zen. Egun, kartzelan dago». Arropa erreka ondoan dute eta kontu handiz jaitsi behar izaten dira.

Arropa Caritasen eskatzen dute edo zaborretan bilatzen dute. Dirua lortzeko, berriz, txatarra biltzen dute. Bizikleta zaharretan joaten dira txatarra bila. Ondoren, euren txaboletatik gertu dagoen biltegi batean saltzen dute. Kilo baten truke, 8 zentimo jasotzen dituzte. Txatarra erosten dien gizonari erosi zizkioten bizikletak. Irakurtzen ez dakienez, gidabaimenik ez du eta autorik ere ez.

Euren etxeak egur xaflekin egin zituzten. Ohea, sukaldetxoa eta sua besterik ez ditu barruan. Jendeak zaborretara botatakoa da guztia. Anaiarekin lo egiten du, ohe berean.
Ez dute argindarrik eta komunik. Ezta urik ere. Txabolak argitzeko kandelak erabiltzen dituzte, garbiketa lanak errekan egiten dituzte eta ura lortzeko ondoko baratze batera joaten dira. Baratzearen jabeak ura hartzen uzten die, baina arriskutsua da: trenbidea zeharkatu behar dute. Oraindik ez dute sekula istripurik izan. Trenbidea bere txabolatik hiru metrora dago, baina dagoeneko trenaren hotsa entzutera ohitu da.

Gezurra dirudien arren, Errumanian okerrago bizi ziren. «Hemen janaria dugu behintzat. Han, zaborretan ez da janaririk aurkitzen».

Bizimoduz aldatzea oso zaila da. Inoiz lana bilatu duela, baina ez duela ezer aurkitu dio. «Batzuek ondo hartu gaituzte, eta beste batzuek gaizki. Lan egiteko esaten digute, baina ez dugu lanik! Paperak ditugu eta Lanbidera joaten gara, baina ez dugu lanik lortzen».

Txatarra biltzen ari ez direnean, txabolen kanpoaldean esertzen dira solasean aritzeko. Inguruko errumaniarrekin harremana dute. Rupak Euskal Herrian gelditzeko asmoa du, baina argi du seguru aski bizitza osoa txabola batean emango duela. Ez da kexu. Bizimodu hori bakarrik ezagutu du.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>