Azoka poltsikoan

pnga_erakutsiHerrian azoketara goizean goiz produktu onenen bila joatetik, erosketak kanpoko elikagaiak saltzen dituzten gune handietan egitera igaro da gizartea. Azken hamarkadetako kontsumo ohitura aldaketek azoken geroa zalantzan jarri badute ere, sarera salto egin, baserritarren irudia gaurkotu, eta merkatua indartu asmoz ekimen berritzailea jarri dute martxan Ordiziako Azoka Komisiokoek, Goimen Elkartearen bitartez. Kontsumitzaile belaunaldi gazteenekin konektatu asmoz, azoka sakelako telefonora eraman dute. Informazio eta aukera ugari eskaintzen dituen azpiegitura birtuala da.

Beharrezko dira Apple edo Android sistemako smartphone bat eta bertan QR kodeen irakurlea izatea. Ez besterik, zerbitzua dohanekoa baita. Asteazkenero plazara eramaten dituzten produktuen berri izateaz gain, ekoizleen datuak, bideoak, argazkiak, baserrien historia edo kokapen mapa gisako informazioa ere jaso daiteke behin azokaren QR kodea telefonoan sartu eta aplikazioa instalatuta.

Erosketak online
Plataformari esker, asteazkenetan azokara gerturatu ezin izatea aitzakia besterik ez da produktuak zuzenean baserritarrei ez erosteko. Azokaren muga fisikoa gainditu dute era honetan. Ordiziara zein produktu eraman dituzten eta zein baserritarrek ekoizten dituen ikus daiteke, ondoren zuzenean beraiekin harremanetan jarri eta erosketa egiteko. Baserritarrei buruzko informazio osatua eskura izateak, erosleari «konfidantza» ematen diola uste du Manex Aranburu Goimeneko teknikariak.
Era berean, azken urteetan erosleak elikadura osasuntsuago eta konszienteago batera mugitzen aritzea aprobetxatu beharreko aukera da azoka batzordearentzat.

Jatetxe edo bestelako komertzioentzat ere «eskuragarri» jarri nahi izan dute azoka. «Odolki garaian porru asko behar dituen harakin batek, esaterako, nori erosi jakin ahal izango du», teknikariaren arabera.

Merkatuan erreferente
Azken 500 urtetan izan den gisan, azoka produktuen prezioen erreferente izaten jarraitzeko oinarri izango da aplikazio berri hau. Aranbururen hitzetan, «prezioen burtsa hori indartzeko eta erreferente bihurtzeko lehen sektoreko ekoizleei parte hartzeko gonbita» egin diete. Jakitun baitira, Azokako Komisiokoek beharrean, baserritarrek eurek finkatu behar dituztela prezioak. Goierritik harago, Euskal Herriko ekoizleen artean osatutako «burtsa» izatea nahiko lukete.

Nekazarientzat
Baserritarren lanari «keinua» egiteko modua ere bada ekimen hau. Baserritarrak eurak «harrituta» baina «esker onez» jaso zuten Azoka Komisioaren berri. Saltzaile bakoitzarentzat txartelak egin dituzte, telefonoak, helbidea eta gainontzeko informazioa jasotzeko QRarekin.Postuan bertan ere jarri dute bakoitzaren informazioa.

Gertutik bizi izan dute kontsumo ohituren aladaketa. Aranbururen arabera «ornitzaile bakar izatetik, ornitzaileetako bat izatera pasa dira, eta gutxietxiak dira». Ekimen hau azokaren aldeko «aldarrikapen bat» ere bada hortaz. Teknikaria  ziur da lehen sektorea eskualdeko egitura ekonomikoaren oinarrian egon dela: «Ez zen posible izango dugun industria, ornitzaile indartsu bat eta espazio antolatua ez balego».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>