Felipe Pereira da Segura-Goierri futbol taldeko ordezkari berria

pnga_erakutsi-2Felipe Pereira (Segura, 1983) Segurako futbol taldearen zalerik finena da, dudarik gabe. Ume-umea zenetik joaten da futbol zelaira partida guztiak ikustera. Goizez piezak montatzen lan egiten badu ere, «denbora librean futbolarentzako bizi» dela dio berak.

Hain jarraitzaile sutsua zela ikusita, Segura-Goierri Futbol Taldeko entrenatzaileak taldearen ordezkari izatea proposatu zion. «Ordezkaria herritarra izatea nahi nuen eta ahal zela taldekideen familiakoa ez zena, eta Felipek lan hori ondo egin zezakeela iruditu zitzaidan», dio entrenatzaileak. Pereirak berehala eman zion baiezkoa, eta entrenamendu eta partida guztietan fin-fin laguntzen du orain.

Entrenatzailearen esanetan «taldeari zorte ona ematen dio lehenengo partidatik» eta «asko laguntzen digu futboleko materiala ateratzen eta sartzen». «Partida jokatzen ari direla taldeko jokalariren bat zauritzen bada ere bera botikinarekin joan eta zauriak sendatzen dizkie». Partidak hasi aurretik jokalariei fitxak banatzeaz ere arduratzen da, eta batez ere taldea animatzen egiten du ahalegin handiena.

Gogotsu lan egiten du
Taldekideek diotenez «lehenengo egunetik gogo askorekin ari da lanean eta oso gustura» daude berarekin. Pereirak egiten duen lana lotua bada ere, «merezi duela eta asko gustatzen zaiola» argi dauka segurarrak.

Herriko futbolariak gertu-gertutik jarraitzeaz gain, Barça-zale amorratua da, eta Rreala ere oso gustuko du. «Barçako jokalari guztiak» gustatzen bazaizkio ere Messi da bere «heroia».
Urtean zehar futbolean jokatzen ez badu ere, Seguran San Joan jaietan antolatzen duten kuadrilen arteko futbito txapelketan ez du hutsik egiten. «Golak sartzea» da gehien gustatzen zaiona, eta partida horietan «oso-oso ondo» pasatzen duela dio.

Aurrera begira, Segurako taldea animatzen jarraitzeko asmoa du eta bere lana ahalik eta ondoen egitekoa ere bai.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>