Zumarragan protestan, 1934an

zumarraga1934ko irailaren 2an Euskal udaletxeen mugimendua deiturikoak batzar garrantzitsu bat antolatu zuen Zumarragan. Mobilizazioa debekatu egin zuen orduko gobernuak, baina poliziaren eta gobernadore zibilaren gainetik, herritarrek eta ordezkari politikoek udaletxera sartu, eta asanblada egitea lortu zuten.

Madrilgo parlamentuko euskal ordezkariak, diputatuak, Kataluniako parlamentariak eta herri askotako alkateak eta zinegotziak bildu ziren, gobernuak kontzertu ekonomikoaren inguruan hartutako hainbat erabakigatik protesta egiteko. Protesten oinarrian Espainiako gobernuak ardoaren gaineko zerga kentzeko hartutako erabakia zegoen, udaletxeen diru iturri garrantzitsua zena.
Zumarragako asanbladak eragin politiko handirik izan ez bazuen ere, balio sinboliko handia izan zuen, lehen aldia baitzen, denbora askoan, Euskal Herrian nazionalistak eta sozialistak elkarrekin aritu zirela. Indalecio Prieto sozialista eta Telesforo Monzon abertzalea bertan izan ziren.

El Dia egunkariak azal osoa eta hainbat orrialde eskaini zizkion gertakariari irailaren 4ean. Kazetariak Zumarragara iristeko igaro behar izan zituen Goardia Zibilen, Asaltoko Goardien eta Mikeleteen kontrolak aipatuz hasten du kronika: Iruran, Tolosa sarreran eta irteeran, Ormaiztegin, Ezkion eta Zumarraga sarreran.

Gertakari askoko eguna
Apaingarri nazionalistek eta bandera kataluniar batzuek apaintzen zuten Zumarraga, eta herria «militarki hartuta» zegoela ere jasotzen du kronikak. Plazan merkatu txiki bat jarri zutela ere badio, eta udaletxeko arkupeak pinuz eta adarrez apainduta, eta poliziaz beteta zeudela. Hauek telefono zerbitzuan ere sartu zuten eskua, badaezpada.

Manifestazio bat egin zuten geltokitik udaletxeraino, eta bertan, poliziak dantzariek eta bandako kideek osatutako lerroak apurtzea lortu bazuen ere, atzetik zetozen politikariek eta herritarrek aurrera egitea lortu zuten, porra eta fusil kolpeen artetik. Udaletxerako sarbidea ere itxi nahi izan zuten goardia zibilek, baina jendetzak eraikinean gora egin zuen eta asanblada egitea lortu zuten azkenean. Tentsio unez betetako batzarra izan zen eta Gernikako Arbola ere kantatu zuten. Leihoak ireki zituzten herritarrek ere entzun zezaten, eta  Gobernadore Zibila hau ekiditen ere saiatu zen.
Itzulerakoan geltokian, Agur Jaunak kantatuz agurtu zituzten parlamentariak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>