Geroa ikasgelara

pnga_erakutsi-11Teknologia osasungintzan txertatzea eta gaixoaren bizi kalitatea hobetzea ditu helburu Ugle Urola Garaiko Lanbide Eskolan eskaintzen duten Ortoprotesika goi mailako zikloak. Xabier Arratibel Ugle Fundazioko zuzendariaren hitzetan, asko dago oraindik egiteko eremu horretan. Bide horretan lehenengo pausoak ematen hasiak dira Zumarragan, Euskal Herrian «aitzindaria» den proiektu honekin.

Goierri garaian formazioa eta enpresagintza bultzatzeko  egin zen hausnarketa batetik sortu zen goi mailako ziklo hau martxan jartzeko ideia. Ospitalea bezalako enpresa handi bat bertan izateak «aukera asko eman» zitzakeela iruditu zitzaien. Are gehiago, Goierriko herri gehienetan gerontologikoak edo eguneko zentroak badaudela ikusita.

Osasungintzaren alorrean sakontzeko bidean jarri zituen horrek. Azterketa bat egin zen, eta ortoprotesikaren inguruan «gabezia bat» zegoela ikusi zuten, Arratibelek zehaztu duenez. Alor horretara bideratutako profesionalen falta «handia» zela ohartu ziren, eta «formazio integral baten beharra zegoela» ondorioztatu zuten.

Etorkizuna uztarketan
Formazioaz gaindik, goi mailako ziklo honen helburuak estrategikoak ere badira. Goierri garaiak industrian oinarritutako lan merkatua izan du tradizioz, eta beste bide batzuk urratzeko beharrari ere erreparatu zioten hausnarketa prozesuan. Osasunaren merkatuak bertan etorkizuna izan zezakeela ikusi zuten orduan.

Behin lanean hasita, garbi izan zuten jorratu beharreko bideak zein behar zuen. Bailarako enpresetan teknologia egon badagoela azaldu du Arratibelek. Hori aprobetxatuta teknologia hori osasungintzara bideratzea da ziklo honekin lortu nahi dutena. «Orain arte, teknologia ez da gehiegi sartu osasungintzan. Hain zuzen, ziklo hau bien arteko uztarketa bat litzateke», argitu du Arratibelek.
Ortoprotesikan profesionalak prestatzeko goi mailako zikloak irailean ikusi zuen argia, azkenean. Zikloko lehen ikasturtean formazioa alor ezberdinetara bideratuta dago. Protesien eta ortesien diseinuan eta lanketan trebatzen dituzte ikasleak. Fisiopatologian ere sakontzen dute, «guztiz beharrezkoa da gorputzaren anatomia eta mugimendua ezagutzea, protesi bat nola egin eta nola jarri jakiteko», azaldu du Arratibelek.

Baina teknologian ez ezik, pertsonen arteko harremanean ere hezi nahi dituzte ikasleak. Etorkizunari begira, profesional humanoagoak prestatzea da helburu nagusia. Horregatik, atentzio psikosoziala eta laguntza teknikoak ere lantzen dituzte ikasgelan.

Itziar Tolosa zikloaren koordinatzailea da eta lehenengo promozio honetako irakaslea ere bai. Bere iritziz, teknologia garatzea beharrezkoa da, esku bionikoak egin, edo unearen arabera bere kabuz tolestuko den belaun bat sortzea, adibidez. Baina pertsonak ere ezin dira ahaztu. «Profesionalaren eta gaixoaren arteko harremanean asko dago egiteko», esan du. Izan ere, mutilazio edo ebaketa bat jasan duen pertsona nola artatu, edo menpekotasun egoeran dagoen adineko batengana nola zuzendu jakitea «beharrezkoa» da. Horregatik, oso garbi dauka «bi alderdiak, teknologiarena eta psikologiarena», landu behar dituztela ikasgelan.

Teknologia da etorkizuna
Lehenengo ikasturte honetako ikasleen profila askotarikoa da. Batetik, protesiak egiten dituzten profesionalak daude, «titulazioa eskuratu asmoz etorri direnak», osasun arloko, batxilergoko edo mekanika alorreko jendea ere badago. Baita, lan aukera berri bat lortzeko esperantzarekin datozenak ere. Hemezortzi eta 50 urte artean dituzte, eta Euskal Herriko txoko ezberdinetakoak dira.  Ikasleek teoria eta praktika lantzen dituzte egunero. «Irakasleak eskolan azaldutakoa laborategian praktikara eramaten dute gero», azaldu du Tolosak. Barne-zolak egiten dabiltza orain. Metala, plastikoa, konpositea edo karbono-zuntzarekin lan egiten ikasiko dute, besteak beste. «Oinarrizko materialak eta goi mailakoak ezagutuko dituzte. Karbono-zuntza esaterako, aeronautikan edo balen kontrako txalekoetan erabiltzen da», azaldu du irakasleak.

Gauzak horrela, ziklo hau hasiera bat baino ez da, osasungintza eta teknologia uztartzeko bidean. Zentzu horretan «ezer gutxi egin da orain arte eta garatzeko esparru asko daude, kirola esaterako», azaldu du Arratibelek. Adinekoen zaintzari lotuta, «joera gerontologikoak desagertu eta pertsona hauek etxean artatzea» izango da. Hori posible egiteko, «teknologiaren bitartez, etxebizitzak gaixoaren beharretara egokitu beharko dira», dio.

Bide horiek arakatzea, dauden beharretatik ikastea, eta pertsonak horretarako prestatzea dira gaur, etorkizunari aurrea hartzeko erronka nagusiak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>