Haurrak eta jazarpena

pnga_erakutsi-8Sei urte dira Etxadi elkarteak familiaren esparruan aholkularitza psikologikoa eskaintzen duela Goierri garaian. Aste honetan hitzaldia egin dute Zumarragako Zelai Arizti kultur etxean. Erasoa eskolan prebenitzeko bideak izan dituzte hizpide, beti ere, familiaren ikuspuntua aintzat hartuta. Izan ere, familia da lehenengo habia, eredua eta balore igorlea.

Abiapuntuan dagoen galdera da eraso gisa zer hartu daitekeen. Etxadiko lan taldearen erantzuna argia da: «Eraso egoera da neska edo mutil batek, behin eta berriro, beste hainbaten ekintza negatiboak jasaten dituenean».

Testuinguru honetan zer da, ordea, ekintza negatibo bat? Hainbat egoera aipatu dituzte psikologoek, besteak beste: behin baino gehiagotan norbaiti ezikusiarena egitea, ekintzaren batean parte hartzen ez uztea, pertsona bera jarraian deitoratzea, norbaiti egin nahi ez dituen gauzak egitera behartzea, mehatxuak, kolpeak, abusuak zein jazarpen sexuala…

Zerrenda luzea da, baina  Etxadiko psikologo taldeak ñabardura bat egin nahi du: «Erasoa eskolan eta ikasleen artean eskolan sortzen diren ohiko gatazkak ezin dira nahastu, bereziki, aurre nerabezaroan zein nerabezaroan bertan sortzen diren diziplina falta edo jarrera arazoekin. Horrelako gatazkak gogaikarriak dira, baina ezin dugu esan erasoak direnik».

Erasotzeko arrazoi batek baino gehiagok egiten dute bat, eta erasotzaileen profila zein den galdetuta, indarkeria jasan duenak indarkeria erabiltzen duenaren mitoa hautsi nahi dute adituek. «Baliteke erasotzaileak gertutik indarkeria ikusi edo jasan izana, baina indarkeriak ez du berez halako sufrimendu espirala sortzen».

Jazarpenaren subjektuak
Oro har erasotzailearen profila osatzeko izaeraren hainbat ezaugarri zerrendatu dituzte: autoritarioa, kontrolatzailea, berritsua, kuxkuxeroa, zurrumurru faltsuak zabaltzeko gai dena, helduei bere asmoak ezkutatzen dizkiena, sekretu zalea eta gertatu denari buruzko gezurra esateko gai dena. «Izaera problematikoa da, baina ez ahula derrigor».

Erasoaren biktimen artean «edozein neska nahiz mutil egon daiteke». Hemen ere, ustez izaera mengela dutenek –ez dakite bai edo ez esaten, segurtasun falta handia dute, ez dira berea defendatzeko gai…­– biktima izateko aukera gehiago izan ditzakete. «Baina, horrek ez du esan nahi lotsatiak edo gizartean lasai agertzen direnak arriskuan daudenik». Diotenez multzo honetan koka daitezkeen haurrek eta gaztetxoek jazartzaileak uxatzeko gaitasun gehiago dituzte. «Oro har, biktimak lagunkoiak dira, ondokoak asko behar dituzte, eta kuadrillako kide izateko xedeak bultzatuta edozer jasaten ikasten dute».

Etxadiko aholkulariek familiak duen garrantzia azpimarratzen dute, erasoa eta jazarpena saihesteko egin dezaketen prebentzio lana handia baita. «Garrantzitsua da konturatzea familiaren barruan egiten dela lehenengo prebentzio lana,  seme-alabei zer egin daitekeen eta zer ezin daitekeen egin esaten diegunean». Etxadiko psikologoen arabera, «erasoa muturrera eramandako gaizki konpondutako gatazka pertsonala da». Gaia familian bertan errotzen duen beste ezaugarri bat da jarrera erasokor horiek lehenengo familian erakusten direla, eskolan baino lehenago. Erasoak saihesteko familia barruko heziketan babesaren eta kontrolaren arteko oreka bilatu behar dela diote Etxadikoek, familian arazoa konpontzeko urratsak emanez.

Estrategia edo oinatz horien artean daude enpatia lantzea eta bestearen azalean jartzea, autoestimu segurua eta positiboa lantzea, beren kaxa erabakiak hartzera animatzea eta asertibitatea bultzatzea, ezetz esatea… Azken honek frustrazioa   barneratzen lagunduko die, gerora tolerantzia eta errespetua indartzeko eta haurraren harreman sozialak bermatzeko.

Adibide bat jarri dute adituek: «2 urteko haur batek kolpea hartu du atearen kontra. Malkoetan dago eta ateari jo diogu berari min egin diolako: ‘ate gaiztoa’. Askotan egiten badugu, bere minaren arduraduna beste zerbait edo norbait dela erakutsiko diogu».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>