Erorialdiaren aurrekoak

pnga_erakutsiAntonio Prada Zumarragako Udaleko artxibozainak Espainiako Historia Agiritegi Nazionalean bildutako informazioa oinarri, 36ko gerraren atarian Urretxun eta Zumarragan altxamenduaren kontrako defentsa nola antolatu zuten jaso du. 1936ko uztailaren 18an hasten da kronika, eta irailaren 21ean Goierri garaiko bi herri hauek Nafarroatik heldutako karlista altxatuen esku erori zirenean amaitzen da.

Urretxuren zein Zumarragaren kokapen geografikoak estrategikoak bihurtu zirela esateko bi arrazoi nagusi azpimarratu ditu Pradak. Alde batetik, trenbide sare osoa ia altxatuen esku zegoen 36ko irailean. Ormaiztegin hasi eta iparralderaino, eta Brinkolatik penintsulako hegoalderaino. Zumarraga eta Urretxu eroriz gero, etenik ez legoke altxatuen agindupeko lurretan. Bestalde, Eibarko  eta Bizkaiko erasoak prestatzeko toki erabakigarria zen Goierriko goialdea. «Altxatuek kontrola hartu zutenean egia borobila bihurtu zen, izan ere iritsi bezain pronto Urretxuko Ederrena frontoia intendentziaren biltegi handia bilakatu zen», azaldu du Pradak.

Altxamenduak Zumarragako biztanleak ustekabean harrapatu zituen. Ihi eta zume langileak greban zeuden, eta familia askoren egoera ez zen ona. Testuinguru horretan Espainiako militar talde bat altxatu egin zen Marokon. Azkar baino azkarrago, altxamenduari aurre egiteko lehenengo erakunde pseudo militarra osatu zuten Urretxun eta Zumarragan. «Uztailaren 18an bertan Errepublikako Herri Milizietako kide izateko izena eman zuen batek baino gehiagok». Milizia hauek, udal erakundeetatik baino, alderdi politikoetatik elikatu ziren.

Tokiko defentsa
Jarraian, Tokiko Defentsa Batzordea sortu zuten. Batzordeak elkarbizitzaren antolaketa kudeatu eta Ormaiztegin, Legazpin, Gabirian, Urretxun eta Zumarragan egingo ziren operazioak zentralizatu zituen. Hainbat azpibatzorde osatu zituzten. Hasieran, alderdi politikoetatik zetozen batzordeetako buruzagiak. Gero, UGT sindikatu sozialistak eta CNTko anarkistek hartuko zuten gidaritza. Abuztu amaieran antolaketa berria jarri zuten martxan, eta defentsa komisariatan antolatu zuten. Baina, frontea Goierri garaira iritsi eta antolaketa guztia ezerezean geratu zen biztanleriaren exodoagatik.

Irailaren 12an, milizianoek Eibarrera premiazko laguntza eskatu zuten zortzi errifle baino ez zituztelako. Laguntza iritsi zen, baina altxatuak hain gertu zeuden jada, lubakitik lubakira  bozgorailu bitartez hitz egiten zutela. Irailaren 16an herriak ebakuatu, eta 21ean erori ziren.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>