«Sakonago landu dut ofizioa, musika eguneroko lan bihurtuz»

pnga_erakutsi-5Bakarkako ibilbideari ekin zionetik zazpigarren lana osatu du Iñaki Garitaonandia Gari (1964)abeslari legazpiarrak. Gaur ikusiko du argia bere azken lanak: Ez da amaiera. Jarraitzaileen barne-zirrarak astintzeko prest, ohiko ahots gozo eta sentsualarekin dator musikaria. Baina, hau, amaieratik urrun, «hasiera besterik ez da».

Musikari bezala ibilbidea 1983an Ziper taldean hasi bazuen ere, hamarkada oso bat Hertzainak taldeko ahots nagusi izanda egin zen ezagun Gari. Taldearen agurrarekin ekin zion bakarkako bideari. Laurogehiko hamarkada hura dagoeneko «oso urruti» dagoela-eta, Hertzainaken garaietara begira egon beharrean, egunerokoan du erronka Garik. Bere azken lanean, besteak beste, «gaur egun gertatzen den horren inguruko erreflexioa» dakar.

Zein sorpresa dakartza Ez da amaiera album berriak?
Sonoritatea bera da sorpresarik handiena, azken lau urteetan egin dudan lanaren emaitza da disko hau. Sonoritatearen oinarria base erritmiko akustikoak dira, hau da, perkusioa eta kontrabaxua nahastu ditut ohiko instrumentu elektrikoekin.

Kantu sakon eta indartsuak jasotzen ditu diskoak. Zer eman nahi izan duzu lan honetan?
Musikalki norabide ezberdinak uztartzen ditut. Azken lau urte hauetan sakonago landu izan dut ofizioa, musika eguneroko lan bihurtuz. Dedikazio honek indarberritu gaitu zeharkaldi intentso hau gauzatu ahal izateko.

Letrekin maitasuna margotzen dut bere kode intimoz eta ezinbesteko dituen zakarkeriekin ere bai. Maitasunarekin batera, gaur egun gertatzen denaren inguruko erreflexioa; gizakiok gure hankasartzeak, akatsak… gure onurarako nola erabiltzen ditugun eta nola manipulatzen ditugun ere bai.

Zazpigarren bakarkako lana. Erraz esaten da, baina erraz egiten al da?
Benetako zeharkaldia izan da honaino heltzeko egin dudan bidea. Disko hau egiteko modua ere berria izan da niretzat. Lan kreatiboaren parte gehiena estudioan bertan gauzatu dut, azken momentura arte zein portutara helduko ginen jakin gabe. Estudiora sartu nintzenean, abestien estruktura biluziak besterik ez nituen.

Ez dela amaiera diozu, azalpenak eman beharrean aurkitu al zara?
Zentzu asko izan ditzake esaldiak, eta egitan baditu, baina gehienbat egunerokoarekin lotuta dago. Iluntasunaren aurrean begirada baikorra izatea besterik ez da.

Behin lan berriaren aurkezpena eginda, herriz herri hasteko prest?
Ez da amaiera diskoaren zuzeneko ibilbidea Idiazabalen hasiko da, nere proposamena baita, diskoaren proiektuarekin lotuta, zuzenekoetan herri txikietara ere iristea. Proiektua diskoa baino gehiago da, eta zuzenekoekin bat eginez proposamen zabalagoa aurkeztu nahi dut. Espektakulua herri txikietara hurbildu nahi dugu, herrikoen partaidetzarekin, eta publiko guztientzat; gazteak, helduak eta umeak musikara hurbiltzea nahi dugu oraingo honetan, eta hau hasiera besterik ez da.

Oholtzara igo, publikoari begiratu, eta zer da ikusten duzuna?
Egunaren arabera. Batzuetan lasaitasun nahikoarekin igotzen naiz eta petsonak, aurpegiak… ikusten ditut. Baina, normalean, bosgarren abestira arte ez dut ezer ikusten, nabaritu bai, baina ikusi ez.

2009an azken diskoa kaleratuta, denboraldi bat Kongon eman zenuen, bertako artistei laguntzeko ekimen batekin. Lortu al zenuten helburua?
16 Lore diskoa grabatuta utzi eta Kongoko Errepublika Demokratikoan sei hilabete pasa nituen, Lukotola deituriko herrixka oso txiki batean, hango eskola batean lan egiten. Lubumbashi hiriko hainbat artista plastiko, argazkilari eta musikari ezagutu nituen bertan, eta ondoren, eurekin jaialdi berezi bat antolatu nuen. Esku artean zuten proiektuari bultzada eman nahi genion elkarrekin: beraiek kudeaturiko lehen zentru artistikoa sortzea.

Bilbora bueltan, artistekin kontaktua mantenduta, jadanik martxan zegoen Picha Kultur Zentroari laguntzea erabaki nuen. Horretarako, telefono agenda hartu eta hainbat lagun bildu nituen Karibu Festan. Lortutako etekinekin soinu ekipoa eta ordenagailuak erosi eta Lubumbashira bidali ahal izan nituen.

Hertzainak taldearen ibilbideari amaiera eman eta 1995ean ekin zenion bakarkako bideari. Nolako esperientzia izaten ari da bakarlari gisa bizitzen ari zarena?
1995etik hona, hainbat urrats, hainbat esperientzia, hainbat bizileku eta herrialde eta hainbat musika izan dira, eta guzti horrek eragin zuzena dauka nire musikan, horietaz elikatzen baita.

 

Idiazabalen hasiko du kontzertu bira Garik martxoaren 22an, ostirala
Disko bat baino gehiago da Ez da amaiera proiektua Garirentzat. «Era guztietako ikusleak» bilduko dituen espektakuluak eskaini nahi ditu abeslariak kontzertu biran. «Nire proposamena da zuzenekoetan, hiri handiez gain, herri txikietara ere iristea», dio musikariak.
Zuzenekoen ibilbidea, hain zuzen ere, Idiazabalen hasiko du abeslari legazpiarrak hilaren 22an, ostirala. 20.00etan izango da kontzertua Guraso Elkartean. Idiazabalgo Udaletik azaldu dutenaren arabera, sarrerak aldez aurretik Izpar goxoki dendan egongo dira salgai, 5 euroan, eta baita egunean bertan ere.
Hurrengo egunean bertan, birarekin jarraituz, Bermeoko Kafe Antzokian (Bizkaia) eskainiko du kontzertua Garik; Arrasate, Ondarroa, Donostia, Basauri edo Altsasun aurkeztuko du diska berria, besteak beste.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>