Labetik azokara

pnga_erakutsi-1Aspaldiko okina da Maite Iturbe. 1990ean hasi zen ogia egiten, «besterik ez neukalako eta ogia egitea gustatzen zitzaidalako». Udana mendate gainean dagoen etxea erosi, berritu eta labea egokitu zuten. Azokaz azoka saldu izan du beti ogia Iturbek: hasieran, asteartetan Agurainen (Araba), asteazkenetan Altsasun (Nafarroa), ostegunetan Markinan (Bizkaia), ostiraletan Legazpin eta larunbatetan Zumarragan jartzen zuen ogi postua. «Gogorra zen».

Lanbide gogorra izanik, 2007an utzi egin zion ogia egiteari. Lanbidez aldatzen saiatu zen, baina ez zuen zorte handirik eduki. Dena den, langabezian egon zen sei hilabeteak ondo aprobetxatu zituen, «Donostian, gozogintzako ikastaroa egin nuen».

Bi urte Ordizian
Duela bi urte berriz ogia egiten eta saltzen hasi zen. Garai berrian, Altsasura joateri utzi eta Ordiziara joaten hasi zen. «Asteazkenetan Altsasura joaten nintzen, baina kanpoan egoten nintzen. Mahaia jarri behar zen, plastikoa ere bai euria egiten zuenean… oso gogorra zen». Ordiziako azokan baimena eskatu eta harrezkeroztik asteazkenero Ordiziako plazan izaten da. «Oso gustura nago Ordizian».  Ogi zuria egiten du; «forma desberdinetako ogia». Integralik ez du egiten, «Ordizian ogi integrala saltzen duen beste saltzaile bat badagoelako». Orain gatzik gabeko ogia ere egiten du Iturbek, «bezeroak eskatuta».Neguan artoa egiten du. «Artoa,  batez ere, Markinan saltzen da. Nik han ikasi nuen. Artirinarekin, gatzarekin eta urarekin egiten dut. Ez du legamirik behar, eta adinekoei asko gustatzen zaie», dio.

Baina ogiarekin batera, pastak eta madalenak egiten ere hasi zen gozogintzako ikastaroan ikasitako errezetekin. San Blas opila ere egiten du San Blas inguruan. «Zumarragan eta Legazpin bost lagun egoten gara ogia saltzen eta gehiago kostatzen da ogia saltzea. Hori dela eta, pastak gehiago saltzen ditut».

Lan gogorra
Goizean goiz jaikita, astean lau egunetan egiten du ogia; asteazkenetik larunbatera. Bizimodu gogorra dela onartzen du Iturbek, baina «gogorra lanik ez edukitzea da. Nire lana gogorra da, oso gogorra, baina nire bizimodua ateratzen dut». Hori bai, benetan gustukoa duena egiten du: ogia.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>