«Martxoan Bertsoa bertsolariak bildu eta herri giroa sortzeko ekimena da»

pnga_erakutsi-3Asier Otamendi (Urretxu, 1971) jaiotzez urretxuarra bada ere, Gasteizen bizi da orain urte asko; egun, Arkauteko nekazal eskolan lan egiten du. Bertsoarekiko lehenengo oroitzapenak ikastolako garaietakoak ditu, baina Araban egin zela bertsolari dio. Bihar egingo den Arabako Bertsolari Txapelketako finalean izango da beste behin, eta Urretxu-Zumarragako Martxoan Bertsoa txapelketa herrikoian ere parte hartzen ari da.

Noiztik datorkizu bertsoarekiko zaletasuna?
Urretxu-Zumarragako Lourdesko Ama ikastolan izan nuen lehenengo harremana bertsoarekin. Gure baserrian ere entzuten ziren bertsoak, Loiolako Herri Irratikoak, batez ere. Hala ere, mundu hori ez zetorrela nirekin bat iruditu zitzaidan, eta erabat paso egin nuen. Nire zaletasuna Gasteizen nengoela piztu zen, 20 urte nituela. Erdal giroan sartu nintzenean jabetu nintzen hortaz.

Behin baino gehiagotan jantzi duzu Arabako Bertso Txapelketa txapela.
Bost txapel San Prudentzio sariketa bidez irabazi nituen, eta lau dira Arabako Bertsolari Txapelketakoak.

Bihar jokatuko da finala eta bertan izango zara. Nola ikusten duzu zure burua?
Biharkoa, beste bat gehiago izango da niretzat. Ez dut bereziki prestatu, urte bete kanpoan eman dut munduan barrena bidaiatzen. Baina entzuleari zor zaio norberak duen onena ematea, eta horretan ahaleginduko naiz.

Urte guzti hauetan aldatu al da zerbaitetan txapelketa bera eta bertso zaletasuna Araban?
Aldaketa handiak eman dira. Hasi nintzenean hamar lagunginen txapelketan, finalerdi bat egin genuen eta sei pasa ginen finalera. Aurten, 50 lagun inguruk parte hartu dugu, pentsa ze aldea! Zaletasunak ere nabarmen egin du gora. Lehenengo final haietan nekez iritsiko ginen ehun entzulera, orain aldiz, 600 bat biltzen dira final bat ikustera.

Ez da dena den, Arabakoa parte hartzen ari zaren txapelketa bakarra. Urteroko zita bihurtu al da zuretzat Martxoan Bertsoa?
Iaz bidaian nenbilela eta, ez nuen parte hartzerik izan, baina azken urteetan ez dut hutsik egin. Zita garrantzitsua da niretzat.

Nola definituko zenuke?
Herrikoia erabat, parte hartzailea eta irekia. Norberak bere gaitasunekin piperra eta gatza jartzen dio txapelketa honi. Eskualdeko bertsolariak eta bertsozaleak bildu eta herri giroa sortzeko ekimen ederra da.

Nolatan hasi zinen parte hartzen?
Urretxuko bertsokide Gorka Azkarateren eskutik heldu zitzaidan gonbitea, eta harrez gero urtero etortzen gara Arabatik taldetxo bat. Bertan ditudan lagunekin elkartu eta bertsotan aritzeko parada ematen dit. Hor izaten da sentimendu berezi bat, lehenengo oroitzapenak…

Nola ikusten duzu aurtengoa?
Aldaketa batzuk sartu dituzte umoreari pisu gehiago emateko. Jendea gauza berriak ikusteko gogoz dago, eta primeran ateratzen ari da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>