«Nik nahiago dut hogei erleren ziztada, asiar liztor hauetako batena baino»

pnga_erakutsi-32009tik Gipuzkoako Erlezain Elkarteko lehendakari lanetan dabil Julian Urkiola (Usurbil, 1945). Garai beretxuan atzeman ziren Euskal Herrian lehen asiar liztorrak; ordutik bere amesgaizto bihurtu da intsektu harraparia. Etxeko sotoan, eztigintzarako tresnekin batera, gordeta ditu vespa vuletinaren ehunka ale, baita horiek iaz egindako hainbat erlauntz erraldoi ere. Etzi, igandea, Zegaman egingo den Erlezain Eguna dela-eta, bihar 18.00etan Alerta gorria! Hemen da asiako liztorra hitzaldia egingo du herriko Kultur Etxean.

Nondik edo nola iritsi da liztor asiarra gurera?
Badirudi Frantziara itsasontziz iritsi zela 2004. urte inguruan, nahiz eta badiren nahita ekarritakoa dela diotenak ere. Frutarekin etor zitekeen, gustuko du-eta, edo egurretan. Baina ez dakigu ziur.

Erraz egokitu da ingurune honetara, ezta?
Gune menditxuak eta hezeak gustatzen zaizkio, beraz, paradisuan dago. Badiote iberiar penintsula erdialdera ez dela joango, han klima lehorragoa delako. Txinan hamar subespezie ditu liztor honek, eta nork dio hemen egoera berrietara egokituko diren subespezieak sortuko ez direnik?

Lehen aleak ikusi zirenetik nolako garapena izan du?
2010ean Irun aldean (Gipuzkoa) atzeman ziren lehenak, entomologek ziurtatu zuten. Iaz ugaritu zen asko eta Gipuzkoa osoan erlauntz ugari agertzen hasi ziren, Goierrin ere bai. Aurten, dagoeneko, 200dik gora harrapatu ditut eta ingurukoak ere hala ari dira. Harrapatutako hauek erreginak dira. Horiek sortuko zutekeen erlauntza. Horregatik, orain da harrapatzeko garaia.

Beraz, badirudi aurten are gehiago ugarituko direla?
Bai. Ni oso ezkorra naiz honetan, asko biderkatuko da. Liztor honek guztiarekin amaituko du: liztor txikiagoa jaten du, erleak, euliak…

Ekosistema osoa desorekan jartzera irits daiteke?
Harrapari handia eta oso suntsitzailea da liztor hau. Erleekin amaitzen badu, polinizaziorik ez dago eta polinizaziorik gabe, zer? Haragia jaten du, arraina jaten du…  Hildako ganaduetan topatu dituzte eta ahuntzen zaurietan ere ikusi dituztela esan didate. Gizakioi ere kozk egiten digute. Nik nahiago dut hogei erleren kozkada, hauetako liztor batena baino.

pnga_erakutsi-4Zein neurri ari zarete hartzen inbasio honi aurre egiteko?
Zaila izango da eustea. Ahalegin handiak egiten ari gara, hala ere ez da nahikoa. Eusko Jaurlaritzak ez du ezer jakin nahi, eta egiten ari garena Gipuzkoako Aldundiari esker da. Eusko Jaurlaritzari eskatu izan diogu I+D batzuk, baina krisia dagoela diote. Batzuentzat badago dirua, guretzat ez!

Zertarako ikerketak?
Harrapaketak siropearekin egiten ditugu eta etxean ur boteilaz egindako tranpekin. Liztor asiarra eta beste edozer ere erortzen da hor. Feromonekin soilik liztor hori erakarriko duen zerbait sortu behar da. Horretaz gain, zer gustatzen zaion eta nola mugitzen den ikertu behar da.

Erlezainei nola ari zaie eragiten liztor asiarra?
Gipuzkoan oso gutxi izango dira erlezaintzatik bizi direnak; hemen erlezain txikiak gara. Hala ere, liztor honekin, erleak ez du atera nahi, eta ateratzen bada ez da itzuliko. Erleak duen akaro bati ere aurre egiten ari gara. Produktu kimikoak erabili behar dira eta argizaria kutsatu egiten da. Horri irtenbidea bilatzen ari gara, eta orain liztorrari ere aurre egin behar.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>