Prentsa-kioskotik begira

pnga_erakutsi-2Zumarragan eta Urretxun familia berak ustiatzen ditu kalean dauden bi prentsa kioskoak. Maria Jesus Elgarresta (Zumarraga, 1960) 14 urte inguru zituenean hasi zen familia negozioan lanean, eta ordutik Zumarragako kaleei begira lan egiten du Piedad kaleko kioskoan.

Kioskoez gain, hasieratik, goizeko lehenengo orduetan Zumarragako geltokietako auzoan saltzen dituzte egunkariak. «Paraiso hotela zenaren kanpoaldean zegoen bankutxo bat erabiltzen genuen prentsa saltzeko. Autobus geralekua han bertan zegoen, eta lantegietara zihoazen langileak bertatik igarotzen ziren. Toki ona zen beraz», dio Elgarrestak. Bera edo ahizpa hantxe egoten dira goizero.

Jarraian, Piedad kaleko kioskoan sartu eta eguerdiraino egiten du lan Elgarrestak, asteko egun guztietan, etenik gabe. «Urtean hiru egun baino ez ditugu jai: bi Gabonetan eta bat Aste Santuan. Baina, horretara ere ohitzen zara, eta ez daukat kexarik».

Egoera ekonomikoak bere ogibidean eraginik izan duen galdetuta, Elgarrestak baiezko biribila eman du: «Lehen, egunkaria kultura zela esaten zen. Orain, ezjakinak izango gara beharbada, baina gazte jendeak ez ditu egunkariak erosten». Internet indarrez sartu dela onartuta ere, egunkaria irakurtzea «ohitura kontua» dela dio, «etxean, denboraz irakurtzen da egunkaria, eta hori erretiratuek baino ez dutela egiten esango nuke». Are gehiago, Elgarrestak «negozioari jubilatuei esker» eusten diotela azpimarratu du.
Gogoan du, aspaldian, egun 100 bat urte izango lituzkeen emakume batek esandakoa: «Gurasoei egunkaria egunero ozenean irakurtzen ziela kontatu zidan; haiek, seguruen, ez zuten jakingo irakurtzen, eta beretzat garrantzitsua zen transmisio lan hori egitea».

Prentsa saltzailearen ofizioa  ez da berak aukeratutakoa. Amonatik hasita etxean guztiak lanbide honi lotuta egon dira. Aitak kanpoan egiten zuen lan, baina egunero laguntzen zien. «Gurean, prentsa salmentak salbatu gaitu, eta garai hobeak izan baditugu ere, aurrera egiten ari gara, jubilatuei esker, batik bat. Beti egon dira garai txarrak, baina aterabideak ere egon direlakoan nago; konformatzen jakitea da giltza».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>