Legorretako auzoetan

pnga_erakutsi-2Legorretari bira egingo diogu, ibilbide honetan. Herrigunetik abiatu eta bertan bukatuko da, baina tartean Burnikurutzeraino igota. Auzo ederrak eta historia handikoak igaroko ditugu.
Koatera bidean, Oriar jauretxe edo etxe tzarretik gora abiatuko gara, herritik beherala. Santa Ana ermita (0,8 km) dago jauregiaren ondoan. Barrutik egoera kaxkarrean dago.

Koate baserrietara igo (Koatetxeberri, Koatebarrena, Koaterdikoa, Koateurkiaran, Koategoikoa) eta asfaltozko bideari segita, errebuelta itxi batera iritsitakoan (1,7 km, 229m), eskuinera abiatzen den pista hartuko dugu, mendian gora, bidezidorretik. Sigi-sagaka, aurrerago bidegurutze bakarra dago: eskuineko adarra hartu, eta gorago Urdaneta baserriraino iritsiko gara (3,9. km, 429m), Tolosako lurretan. Pistan segi, eta aurreragoko bidegurutzean ezkerretik jarraitu. Santa Marinarako bidera (Albiztur) irtengo gara (5,3.km, 536m), Parikuzar parajean. Errepidean ezkerrera hartu, eta errepidean 100 metro egindakoan, hurrengo bihurgunean irteten den beste pista bat hartu, Burnikurutzeta lepora iristeko.

Burnikurutzetan (503 m)  Juan Mari Jauregi legorretarraren omenezko oroitarria dago. Gipuzkoako gobernadore zibil izana, ETAk 2000n hil zuen, Tolosan. Aurrerago, Bizkarreta gainetik Bidania, Beizama eta Urola bailara beha liteke, iparrera begiratuta. Eskuinera, Aldaba eta Aldaba Zaharra; ezkerrera Santa Marina, Murumendi eta Pagorriaga aldea.

Jaitsierari ekingo diogu, Bizkarrondo hegalean. Aurreraxeago ezkerrera hartu jaisten goazela, eta pistari jarraitu. 6,5. kilometroan, pistak bihurgune itxia egiten du eskuinerantz, baina aurrera doana hartuko dugu. Eskuinera Lantegi izeneko parajea dago, ezkerrera Itzaleta. 100 metro aurrerago, beste gurutze bat, pisten artean: aurrera hartu (eskuz ezkerrera geratzen zaigun adarra).

Legorreta Zahar  
Basoan sartuko gara, eta 700 metro beherantz pista horretan egingo ditugu. Zabalgune batera irtengo gara, Gorostizelaiko belardietara (7,8. km, 350m).

ibilbideaPistan behera, Legorretazar baserrira iritsiko gara, eta Legorretazar auzoko errepidera. Errepidean beherantz segi, Zumiztiaga baserri ondotik igaro, eta ganadu ukuilu bateraino iritsi (8,9. km, 339m). Aurrerantz, pistatik basoan sartuko gara. Argindar linearen dorre baten ondora irtengo gara.
Pistan jarraitu dezakegu, 300 bat metrora Berostegi auzoko errepidera irteten delako, Kortatu baserritik. Bestela, bihurguneen barrenean lasterbidea har datieke. Berostegi auzora (9,3. km, 125m) ailegatuko gara, lehengo N-1 zaharraren ertzera. Etxe-Aundi, Kastilla-Zahar eta Kastilla-Etxeberri, Goiko Errota, Jildegi eta Ermesagasti baserriak daude han, baita Santa Marina ermita ere. Bidegorritik, ezkerrera herriguneraino joango gara,lauan.

Herrigunera sartzeko, merezi du Etxezarreta paper fabrikaren bukaeran aurrera segitzea, Ajoain aldera. Oria ibaia N-1 errepide zaharraren zubi gainetik igaro beharrean, zubi zaharretik pasatuko gara, Zubizarreta auzoan hain zuzen.

Kortatu baserria, euskal rockaren talde ikur batentzat izena
Ibilbidearen azken zatian Kortatu baserri ondotik pasatu liteke, Berostegi auzora iritsi aurretxoan. Fermin eta Jabier Muguruza anaiek eta Treku Armendarizek 1984an sortu zuten musika talde ospetsuak handik hartua zuen izena.

Kortatukoa zen Manuel Maria Garmendia Zubiarrain ‘Korta’. ETAko mugalari bezala zebilela, 1976ko apirilaren 18an hil zuen Guardia Zibilak, Beran (Nafarroa). 30 urte zituen. Talde bati muga igarotzen lagundu ondoren, Beran topo egin zuten guardiekin. Haren omenez jarri zioten musika taldeari izena.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>