Zuen enbor beretik sortuko dira besteak

pnga_erakutsi-1Kirol elkarteak gizonezkoek bultzatu ohi dituzte, baina Urretxu eta Zumarragako Urola eskubaloi taldea neska batzuen eskutik jaio zen. Horregatik da bereziki tristea gazte mailako neska taldearen desagerpena. Apirila hasieran jokatu zuten azken partida.

Euretako batzuk kanpora joango dira ikastera datorren ikasturtean eta, Urolak senior mailako neska talderik ez duenez egin, batzuek beste herri batzuetako taldeetan jarraituko dute. Gainerakoek utzi egin beharko dute.

Camino Bayon zuzendaritzako kideari pena handia eman dio taldearen desagerpenak. «Kontuan izan behar da urte batzuetan eurak izan direla klubeko neska bakarrak».

Neskek kirola mutilek baino lehenago uzten dute, eta Urretxun eta Zumarragan ere hori gertatzen da. Urolak ez du sekula senior mailako neska talderik izan. Mutilek, berriz, maila guztietan dituzte taldeak.

Hori bai, nesken taldeek jokalari bikainak eman dituzte. Aipagarriena Susana Fraile da. Atenasko joko olinpikoetan parte hartu zuen, besteak beste. Mireia Elgarrestak eta Miren Begiristainek, berriz, Bera Bera taldean jokatu zuten.

Desagertu berri den taldeko neskek ere emaitza bikainak lortu dituzte azken urte hauetan. Lloret de Mar-eko (Herrialde Katalanak) nazioarteko txapelketa irabazi zuten, adibidez.

Aurten ere primerako denboraldia osatu dute. «Sekulako meritua dute, jokalari oso gutxirekin osatu baitute denboraldia. Lesio asko izan dituzte eta partida askotan zazpi edo zortzi jokalarirekin bakarrik aritu dira. Partida batera zazpi joan ziren eta bat lesionatu egin zen. Harmailan taldekide bat zegoen, oraindik erabat osatu gabe, eta atezain jarri zen».

Taldearen alde halako adorearekin borroka egin ondoren, neskentzat oso gogorra izan da taldea desegitea. Erabakia hartu zuten egunean askok negar egin zuten, baina pozik egoteko arrazoiak ere badituzte: urtetan eurak izan dira zuhaitzeko adaxka bakarrak, baina dagoeneko eurak sortu ziren enbor beretik beste batzuk sortu dira.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>